«Zuzenekoan gozatzen dugu, eta hori islatu nahi du diskoak»
Aurreneko diskoa atera zuenetik 25 urtera, orain arteko kantu rockeroenak bildu eta disko bikoitz batean aterako du Juan Luis Perez Mitxelena Petti-k (Bera, Nafarroa, 1973). Horren gogoko duen Ataun aukeratu du bi zuzenekoetako grabazioetarako lehen tokitzat. Gaur, 22:00etan, Herri Antzokian ariko da, ordu eta erdian 25 rock-urte biltzeko.
Zer moduz zaude? Erdi gaixorik ibili omen zara.
Bai, pneumoniarekin nabil. Gaur [atzo] mendira etorri naiz hauspoak berritzera, ea biharko pixka bat pasatzen den. Biharko Ataungo kontzertua egingo dugu; ez dakigu zer aterako den, baina egin egingo dugu, nola-hala.
Disko berrirako grabaketa egiteko baliatuko duzue.
Lehenengo diskoa atera genuenetik 25. urteurrena da aurten, eta aitzakia horrekin disko guztietako kantu batzuk aukeratu ditugu. Kantu rockeroenak, erran genezake, eta horiekin zuzeneko luzea prestatuko dugu. Gero, zuzeneko diskoa aterako dugu horrekin.
Abestien aukeraketa, nolakoa egin duzue?
Orain arte bi zuzeneko egin ditut, biak akustikoak; bat bakarka, eta Eneko Dorronsororekin beste bat. Kantu lasaiak ziren horietan, blues eta folk estilokoak. Orain, talde osoarekin eta lehengusuak ere gonbidatu ditudala, eginen dugu nire ibilbideko kantu rockeroenen bilduma bat.
Ataunen grabatuko duzue diskoa osorik, edo beste emanaldiren batzuekin osatuko duzue?
Ataunen grabatuko dugu batetik, eta abenduan Beran, herrian eginen dugu beste bat. Diskoa bien arteko nahasketa izanen da. Kantu berak izanen dira bi kontzertuetan, baina aukeraketa eginen dugu, ondoen gelditzen diren kantuak alde batetik edo bestetik hartu, eta bi emanaldiekin eginen dugu diskoa izanen dena.
Zuzeneko bat grabatzeak bere sorginkeriak izango ditu. Musikariarentzat konpromisoa ala erronka da? Nola planteatzen dituzue?
Azkenean, ardura gehixeago da. Estudioan nahi duzuna aldatzen ahal duzu, behin eta berriro grabatu, gauzak gainetik sartu, nahi ez duzuna kendu… Zuzenekoan hori ezin da egin, gehien bat zuzenean ateratzen den hori da diskoan joaten dena. Orduan, ongi prestatu behar da aurretik; horretan gabiltza taldearekin, entsegu pila bat eginez, eta kantuei ukitu ezberdinak emanez diskoan bezala ez izateko. Baina, azkenean, guk zuzenekoetan disfrutatzen dugu, ondo pasatzen duguna zuzenekoetan da, eta hori islatu nahi dugu: zuzeneko bat diskoan, jendeak normalean zuzenean entzuten duena diskoan ere entzuteko aukera izateko.
Lehengusuekin ere ari zarela aipatu duzu. Zer talderekin etorriko zara Ataunera?
Betiko taldearekin: Joseba Irazoki, [Iñigo eta Igor] Telletxea anaiak, eta gitarran lagun izanen dut Ruben Caballero ere. Gero, bozetan lagunduko didate bi lehengusuk, Estitxu Pinatxok eta Jokin Pinatxo Janus Lester-ek. Eta ni egonen naiz.
Ataunen, zer dela eta?
Gu ez gara jende asko eramaten dugun taldea, eta Ataunen jo dudanetan, bai bakarka, bai taldearekin, beti giro hagitz ona izan da, eta hagitz gustura egon gara. Noski, beratarra izanda emanaldi bat Beran nahi eta nahi ez egin behar genuen, baina bertze lekuren bat pentsatzen hasi eta okurritu zitzaidan Ataunen izanen zela egokiena. Pandemia garaian ere hari laukotearekin kontzertu polita eskaini genuen hor, eta jendea hagitz gustura egon zen, giro bikaina egon zen. Ez da leku handia, gure moduko leku bat da. Horrez gain, lagun asko ditut han, Troskaetan hagitz ongi jaten da, eta gauza horiek guztiak nahasita, Ataun aukeratu dugu.
Zenbat abestiko edo iraupeneko kontzertua izango da?
Dena jarraian egiten badugu, 80-90 bat minutu izanen dira, igual gehiago. 18-19 kantu izanen dira, disko bikoitza izanen baita.
Lehen diskotik 25 urte igarota, lanean eta saltsan segitzen duzu. Hori ere ez da amutsa.
Beno, bai; kostata, baina hemen gaude. Egon gara uztekotan, baina azkenean jarraitu behar da, zeren bestela bizitzak irabazten gaitu, eta ez gaude inork irabazteko moduan. Aurrera egin behar da nola-hala, eta horretan ari gara. Arrastaka, baina aurrera. Beti aitzinera. l