Bihotz bat, eserleku bat
Plastikozko tapoiak bildu eta eserleku bihurtzeko egitasmoa jarri du martxan Beasaingo Udalak. Erauskin plazan kokatu duten bihotz formako edukiontzian jasoko dituzte tapoiak.
Plastikozko tapoiei bigarren bizitza bat emateko egitasmoa jarri du martxan Beasaingo Udalak. Hauek bildu eta beharrezko tratamendua eman ondoren, eserleku bihurtuko dituzte. Erauskin plazan ipini dute modu horretan eraikitako eserleku bat. Eta haren ondoan bihotz gorri bat, tapoiak biltzeko edukiontzi bat dena, hain zuzen ere. Ahalik eta bihotz gehien betetzea da erronka, ahalik eta tapoi gehien bildu, eta birziklatutako hondakinekin egindako eserleku gehiago eraiki ahal izateko.
Adur Ugartemendia zinegotziak adierazi duenez, “bi helburu nagusi” ditu ekimenak. “Batetik, ingurumenaren ikuspegitik, sentsibilizazioa sustatzea. Gure egunerokoan nahiko ohikoa da plastikozko tapoiak erabiltzea, eta hondakin horiek ez baditugu behar bezala bideratzen, plastiko horrek, Sasieta bezalako leku batean bukatzen du edo erre egiten da. Horregatik, garrantzitsua da erabilpen bakarreko plastiko horri bigarren bizitza bat ematea, eta ikusaraztea, zein erabilera eman dakiokeen”.
Eta bestetik, “ekonomiaren ikuspegitik, ekonomia zirkularrean oinarritzen den produktu bat sortuko da. Kontsumo ohituretan, hondakinen berrerabilpena sustatzen duten enpresen aldeko apustua egitea garrantzitsua da, sortzen dituzten produktuak erosiz”.
Bihotza betetzeko deia
Beasaingo ikastetxeetako ikasleek ere parte hartu dute gaurko aurkezpenean, eta haiei esker, eserleku berri bat sortzeko gutxiago falta da, poltsa bete tapoi bana hustu baitute edukiontzi berrian. Aipatu bezala, Erauskin plazan kokatu duten plastikozko tapoiekin egindako eserleku morearen ondoan ipini dute plastikozko tapoiak biltzeko bihotz forma duen edukiontzia.
Rosa Aurkia ingurumen teknikariak azaldu duen moduan, “Beasaingo parkeetan kokatuko dira bihotz honetan bildutako tapoiekin sortutako eserlekuak”. Ekimenari bultzada emateko intentzioarekin gogoratu du gainera, “lurrera botatzen diren tapoi askok, itsasoan bukatzen dutela, ingurumenarentzat oso kaltegarria delarik”. Hori ekiditeko, “bihotza tapoiez betetzeko deia” egin du. Betetzea lortzen den bihotz bakoitzeko, eserleku bat eraiki ahal izango da.