Zaintzaren mapa osatzen
Adinekoak eta emakumeak talde banatan bilduta, hasi dute zaintzari buruz hausnarketa. Besteak beste, herriko zaintza eremuak identifikatu dituzte, mapa batean.
Farapi kooperatiba elkarteak Zegamako zaintzaren inguruko diagnostikoa egin du, udalak hala eskatuta. Adineko pertsonak izan dira ikerketaren muina eta «datu asko» bildu dituzte lanketa horretan, Ainhoa Errasti berdintasun zinegotziaren iritziz. Behin, datuak eta diagnostikoa mahai gainean, hainbat herritar lan talde txikiagoetan bildu dira emaitzak aztertu eta etorkizuneko lan ildoak zehazteko helburuarekin.
Zaintza diagnostikoaren ondorioetatik etorkizuneko lan-ildoei herritarrekin tiraka izenburupean bi talde hasi dira lanean: adinekoak eta emakumeak; eta udala bien arteko zubi lanetan.
Adinekoak eta emakumeak
Adinekoen taldean, eta zaintzari lotuta dituzten beharrak kontutan hartuta, hainbat helburu adostu dituzte jada. Errastik azaldutakoaren arabera, informazio praktikoa zabaltzeko bi esku orri prestatzen ari dira: aurretiazko borondateen dokumentuari buruzkoa bata eta zaintzaile bat kontratatzerako orduan jakin beharrekoekin, bestea. «Urriaren 28an bilduko da berriz taldea. Ordurako zirriborro bat eramango dugu eta guztien artean egin beharrezko zuzenketa eta aldaketak adostuko ditugu», dio.
Emakume taldearekin egiten ari diren lanketak esparru heterogeneoagoa hartzen du. Batetik, zaintza zer den zehaztu dute; «kontzeptu konplexua» dela dio Errastik, «zaintza fisikoa edo mentala» une eta modu ezberdinetan egiten delako. Bestetik, zaintza egiten den herriko eremu ezberdinak ere identifikatu dituzte mapa batean, «zaintza tabernetan, parkeetan, farmazietan ere egiten delako».
Zegamako ‘parlamentua’
Zegaman bada, parlamentua deitzen dioten banku bat, non eguraldi onarekin adineko emakume ugari esertzen diren bertan. Txarape tabernan ere, egunero biltzen da emakume talde bat eta hori ere «zaintza egiteko beste modu bat da» dio Errastik. Izan ere, emakumeen lan taldeak zaintza moduak eta guneak identifikatzeaz haratago, orotariko zaintza lanak egiten dituzten emakume guztiei ere errekonozimendu bat egitea badu helburu, «berdin dio ama, amona, laguntzaile edo zaintzaile», zehaztu du. Farapiren diagnostikoaren arabera, Zegaman zaintza lanetan jarduten dutenen gehiengoa emakumeak dira.
Udalak bere aldetik, zaintzaren inguruko mahai bat ere osatuko du, «sortu daitezkeen ekimen ezberdinei bultzada eta laguntza emateko». Modu paraleloan, eta gai praktikoagoetan zentratuz, udala hasita dago Zegama irisgarriago bat egiteko lanean. Errastik kontatu duenez, ongizate departamentutik arkitekto baten laguntzarekin hasita daude, irisgarritasunaren ikuspuntutik, herrian hobetu beharreko guneak identifikatzen. Amaitzeko, herritar guztiei egin diete prozesuan parte hartzeko deia.