ERREPORTAJEA. Denboraren makinan bidaia
Gizartea aldatzearekin batera, 'Goierritarra'-k, 'Otamotz'-ek, GOIERRIKO HITZAk eta 'Goiberri'k, etengabe egokitzen jakin dute Goierriko istorioak jasotzen eta kontatzen jarrai dezaten.
GOIERRIKO HITZAren lankide gazte baten galdera, zahartzen ari zarenaren seinale den galdera horietakoa: «Internetik gabe nola zen posible lan egitea?». Denboraren makinan sartu, eta 30 urteotako bilakaera eta lanerako moduan egindako bidaiatik jaso zuen erantzuna.
Telefono finkoa, hiru ordenagailu, argazki makina analogiko bat eta kasetedun grabagailua. Horiexek ziren orain dela 30 urte eta erdi Goierritarra aldizkariko [1989an sortua] lan tresnak. Gaur egun denok daukagu eskuan telefonoa, ordenagailua, argazki kamera eta grabagailua.
Ordenagailu batean albisteak idazten ziren. Aurretik, herriz herri bilketa lana eginda, kronistek eskuz edo ordenagailuz idatzitako orriak jasotzeko. Edo hitzorduak jartzeko telefono finkotik finkora egindako dei ugarien ondorioz lortutako elkarrizketak idazteko. Grabagailuan kasetea aurrera eta atzera elkarrizketa aurkitu arte, edo elkarrizketaren erdian kasetea amaitu… Makina bat abentura izaten zen. Erantzungailu automatikoaren sorrera ere garrantzitsua izan zen, bulegoan inor ez bazegoen ere, mezuak grabatuta uzteko aukera ematen zuelako.
Argazkiekin urduritasuna
Eta argazkiek sortzen zuten urduritasuna. Eskerrak ordubetean errebelatzeko modua jarri zuten Ordizian. Hori bai, argazkia nolakoa aterako zen, auskalo! Lausotuta, begiak itxita… ez zegoen jakiterik. Eta jakina, ez zuen atzera bueltarik. Zegoenarekin aurrera egin behar.
Idatzitakoa diskete baten gorde, eta maketazioko ordenagailura, testuekin, argazkiekin eta publizitatearekin orriak diseinatzera. Titularrarentzako hitz mordoz osatutako formula bat, beltzean jartzeko beste bat. Klik bakarraren ordez, denboraren poderioz buruz ikasitako formulak azkartzen zuen lana.
Hamabostean behin, astearte arratsaldero, disketea hartu eta inprentara. Eguraldi iragarpenak ere ez ziren gaur egunekoak. Elurra ustekabean, grebak, bideak itxita istripuren batengandik…
Eta ostegun goizetako lana: Goierritarra-z betetako kaxak eta kaxak hustu furgonetatik, Ordiziako Dorrea etxeko atarian inprobisatutako bulegoan, aldizkari bakoitzari banan-banan (8.000 pasa izatera iritsi ziren) izen-abizenak eta helbidea zuten pegatinak jarri, eta Correosera eramateko, herriz herri antolatuta. Eskerrak beti izaten ziren laguntzaileak! Hori bai, gaur egun baino zerbitzu hobea eskaintzen zuen orduan Correosek, gehienean, ostiralean txintxo-txintxo eramaten baitzuten harpideen etxeetara.
Faxa eta maketazio sistema berria
Izugarrizko aurrerapenak izan ziren faxa eta maketazio sistema berria. Nahiz eta, testuak kopiatu behar izan, herriz herri kilometro gutxiago egin beharra zegoen kronikak jasotzeko. Komuneko paperaren rolloa-ren antzera, hantxe egoten zen paper amaiezina lurrean barreiatuta, goierritarren informazioz beteta. Gero jakina, dena kopiatu behar hitzez hitz.
Eta maketazio sistema berria zer esanik ez. Formulak ahaztu eta klik bakarrarekin lana asko erraztu zen.
Mugikorrak eta kamera digitalak
Telefono mugikor (Internetik gabe oraindik) bana eskuan genituen garaiak hitzorduak jartzeko momentuak erraztu zituen, dena delakoa etxera iristeko zain egon beharrik gabe. Eta argazki kamera digitalarekin, argazkiak momentuan ikusteak eta eskura izateak ere bai.
Eta nola ez, Internetaren etorrera iraultza izan zen. Bukatu ziren orduero irratian albisteak entzun beharreko garaiak [2001eko irailaren 11n New Yorkeko atentatuak gertatu zirenean Goierritarra amaitzen ari ginen bezala]. Bukatu ziren testuak kopiatu beharreko garaiak. Amaitu ziren inprentara egin beharreko bueltak. Bukatu ziren banan-banan aldizkariari izenak jarri behar ziren garaiak.
Baina amaitu ziren zuzeneko harremanak; denak ez, asko bai. Baina ez da bukatu goierritarren istorioak bildu eta euskaraz zabaltzeko garaia. Ez da bukatu Goierri egiten jarraitzeko garaia. Ez da hartu eta eman, eman eta hartu egiteko garaia da.
Ezin da ahaztu, pandemiak mundua gelditu zuenean ere [2020ko martxoak 14] , GOIERRIKO HITZA, Goiberri eta Otamotz ez ziren gelditu, eta hutsik egin gabe, etxetik laneko ordenagailura konektatzeko tresnei eta onlineko bilerei esker.
Istorioak idazten jarraitu
Gizartea, lan tresnak eta bitartekoak aldatuagatik ere, eta adimen artifizialaren garaia datorren honetan ere, makinek auskalo zein hizkuntzatan idatziko dituzten istorioen garaian, inoiz baino beharrezkoagoa da euskarazko komunikabideak babestea eta elkarrekin jardutea.
Internetik gabeko bizitzatik adimen artifizialaren bizitzara arteko kontakizuna hau izan da. Hemendik aurrerakoa ere, idazten jarraituko du Goierriko Hedabideen lantaldeak, harpideen, iragarleen, enpresen eta erakundeen ezinbesteko babesarekin batera.