«‘Entzun dezatela’ abestiak 85.000 entzunaldi izan ditu Spotify-n»
Aimar Zuriarrainek (Zumarraga, 2005) kontzertua egingo du larunbatean bere herrian. Bere izen artistikoa Aimar Z da eta lehen EPa aurkeztuko du: ‘Mi core’.
Gipuzkoan Gazte Tour biraren barruan, bi ekitaldi izango dira Zumarragan. Ostiralean, Sarai Santano koreografo eta dantzariak ikastaroa egingo du Gure Txoko jubilatuen etxeko laugarren solairuan. 18:00etan hasiko da. Herriko gazteek dantza garaikidea ikasteko aukera izango dute. Parte hartu nahi dutenek udalaren webgunean edo kultur etxean eman dezakete izena. Larunbatean, 20:00etan, kontzertua egingo dute Izazpi auzoko kantxa estalian. Ayvee abeslariak, Irungo Kulto Kultibo rap eta reggae taldeak eta Aimar Zk parte hartuko dute. Mi Core bere lehen EP-a aurkeztuko du zumarragarrak.
Ikasten ari al zara?
Urretxu-Zumarraga ikastolan ikasi nuen Batxilergora arte, eta egun Biologia ikasten ari naiz Salamancan (Espainia). Gustura nago.
Musika zalea izan al zara beti?
Beti asko gustatu zait musika entzutea. Hala, umetan musika eskolara joan nintzen. Ez nituen musika eskolako ikasketak bukatu. Lauzpabost urte eman nituen eta gitarra jotzen ikasi nuen.
Nolatan jarri zenuen martxan zure proiektua?
2021ean gitarrarekin abestiak konposatzen hasi nintzen, nire etxean. Lagunei erakutsi nizkien, gustatu egin zitzaizkien eta jarraitzea erabaki nuen.
Nola definituko zenuke zure musika?
Entzuten dudan guztiaren nahasketa dela esango nuke.
Zer entzuten duzu?
Rosalia, Ralphie Choo, Sen Senra, Pink Pantheress, Belen Aguilera, Samurai, Judeline, J Martina, Izaro eta Malakias.
Nola grabatzen dituzu zure abestiak?
Aplikazio bat erabiltzen dut. Pianoarekin edo gitarrarekin konposatzen dut eta ondoren ordenagailuan abestia osatu egiten dut.
«Pianoarekin edo gitarrarekin konposatzen dut eta ondoren ordenagailuan abestia osatu egiten dut»
Lehen abestiak duela hiru urte konposatu zenituela esan duzu. Ze ibilbide osatu duzu ordutik?
Egun, nire abestien hitzak pertsonalagoak dira. Lehen istorioak asmatzen nituen eta egun abestietan nire bizitza kontatzen dut. Jendearengana iristeko aproposagoa da. Bestalde, ekoizpen aldetik asko ikasi dut.
Abesti asko al dituzu?
15 bat ditut.
Abesti batzuk arrakasta izan dute.
Azkenak erantzun ona jaso du. 85.000 entzute izan ditu Spotify-n. Entzun dezatela da abestiaren izenburua.
Kontzertu asko eskaini al dituzu?
Nire lehen kontzertua larunbat honetakoa izango da. Ostegunean ETBko Gora bihotzak programan bi kanta abestu nituen. Gaztea irratian ere izan nintzen. Elkarrizketa bat egin zidaten. Bestalde, lagunek Urretxuko jaietan nire abestia jarri zutela esan zidaten. Ezin izan nintzen etorri, ikasketak zirela eta.
«Kontzertu gehiago egiteko prest nago eta datorren urtean lehen albuma kaleratu nahi dut.»
Nola suertatu da Zumarragan abesteko aukera?
Gipuzkoan Gazte Tour birako kontzertuan urtero herriko musikari batek abesten du. Udalak gazteen artean inkesta bat egin zuen, herriko musikaria aukeratzeko. Ni izan nintzen bozkatuena. Oso pozik nago. Kontzertua nire auzoan da, gainera. Egunero ari naiz entseatzen.
Nolakoa izango da kontzertua?
Dantzariak kontratatzeko dirurik ez dudanez, mugitzen saiatuko naiz. Nire azkeneko abestiak joko ditut. Lagunek joateko asmoa dute. Jendeak ondo pasatzea da nire helburua.
Ze egitasmo dituzu etorkizunari begira?
Kontzertu gehiago egiteko prest nago eta datorren urtean lehen albuma kaleratu nahi dut.