Lazkaon Mintzalagunek heldu diote euskaraz trebatzeko ekimenari
Euskaldun berrien mintzapraktikak 20 urte beteko ditu 2025ean. Astean behin elkartu, eta euskaraz lagunarteko giroan aritzea da egitekoa. Izena emateko deialdia egin dute, batik bat euskaldun zaharrei begira.
Bere xumean, berebiziko garrantzia du Mintzalagunak, hizkuntza barneratzeko, euskaldun zaharrekin aberasteko eta erabiltzeko ohitura hartzeko tresna baita. «Inguru erdalduna dutelako nahiz ohituraz, erdaraz bizi direnentzat edota gehiago ikasi nahi dutenentzat euskaraz hitz egiteko lekua da Mintzalaguna», azaldu dute Lazkaoko eragileek.
Boluntarioek ez daukate baldintzarik: «Suelto hitz egitea da helburua. Hitz egin daiteke euskara batuan nahiz euskalkian, zuka nahiz hika, bakoitzak nahi duen bezala, komunikazioa baldin badago. Mintzalaguntzaileak ez dira irakasleak, eta ez da zuzenketarik izango».
Hogei urteko bidea
Lazkaoko Mintzalaguna 2005ean hasi zuten. Hogei urte beteko ditu, beraz, datorren urtean, 2025ean. Lehenago, Gerriko Txokoan ere izaten zen antzeko jarduera, Maizpideko ikasleentzat. Hain zuzen, Lazkaoko Mintzalaguna «berezia» dela aitortu dute. «Maizpidera etortzen diren ikasle askok parte hartzen dute, eta euskaltegian ikasten dutena kalean eta herritarrekin praktikan jartzeko aukera ezin hobea dute. Jende asko ezagutzeko ekintza aberasgarria da».
Zeharka, Lazkaon euskararen kaleko erabilera handitzea ere lortzen dute. «Helburu hori lortzeko, ea talde asko martxan jartzea lortzen dugun». Beasaingo eta Ordiziako Mintzalagunekin ere tarteka elkartzen dira.
Izena emateko, Gerriko kultur elkartera jo behar da (688 822 871, gerrikokultura@gmail.com). Mintzalagunaren eragile Gerriko, Maizpide, San Benito Ikastola eta Lazkaoko Udala dira