Sagardoaren altxor ezkutua
Sagardoaren Astearen 23. aldiari hasiera eman diote gaur goizean, Ezkioko Igartubeiti baserri museoan. Dolarea martxan ikusteko aukera izango da, urteko aukera bakarrean.
Igartubeiti baserri museoan Sagardoaren Asteari hasiera eman diote beste urte batez. Gaurtik urriaren 19ra bitartean ospatuko da 23. ekitaldia. Ohi bezala, baserriko dolarea martxan ikusteko urteko aukera bakarra izango da. Antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak eta aurten, Eduardo Txillida jaio zeneko 100. urteurrenaren ospakizunarekin bat eginez, Legazpiko Txillida Lantokira bisitak osatuko dute egitaraua.
Joseba Telleria Ezkioko alkateak izan du goizeko aurkezpenean Sagardoaren Astera ongi etorria emateko ardura. Igartubeiti baserria «altxor bat» dela gogorarazi du, eta ingurukoei «Gipuzkoa barnealdera» berau ezagutzera gerturatzeko gonbita luzatu die. Udazkena uzta jasotzeko garaia izanik, sagar bilketarekin batera hasten da Igartubeitirentzat urteko aste garrantzitsuena. «Urte guztian zehar egiten duten lanari merezimendu eta protagonismorik kendu gabe, urteko asterik garrantzitsuena da. Sagardoaren Astea baserriaren esanahia balioan jartzeko ekimena da, garai batean bertan egiten zen lana jendeari ezagutzera ematekoa», azpimarratu du.
Mugikortasuna, turismo eta lurralde antolaketako foru departamentuaren izenean hitz egin du Libe Otegi turismo zuzendariak, kargua estreinatu berritan. Turismoaren alorrean, gaur gaurkoz dauden «bi mehatxu handiez» hitz egin du: saturazioa batetik, eta helmuga askotan ikusi izan den nortasunaren galera, bestetik. Gauzak horrela, erronkak ere garbi dituztela nabarmendu du, «turismoa hiriburutik eta kostaldetik haratago, Gipuzkoako txoko eta eskualde guztietara bideratzea; eta berezi egiten gaituen hori zaindu eta balioan jartzea». Gaurkoa estreinaldi «ezin hobea» izan duela azpimarratu du, «aipatutako bi erronkak uztartzen dituelako Sagardoaren Asteak».
Clara Navas, Eusko Jaurlaritzako turismo eta ostalaritza zuzendaria izan da hitza hartzen azkena. Sagardoa euskal gastronomiarekin zuzenki lotutako dagoen produktuetako bat izanik, Sagardoaren Astea Igartubeiti bezalako «leku magiko» bat ezagutzeko «aukera paregabea» dela esan du.
Aurreikusitako ekintzak
Behin aurkezpen ekitaldia amaituta, dolarea martxan jarri dute eta sagar zanpaketari ekin diote. Lazkaoko Maizpide euskaltegiko 66 ikasle izan dira aurtengo lehenengo zanpaketa ikusteko eta lehendabiziko sagar zukua dastatzeko ohorea izan dutenak. Igartubeitiko arduradunek dolarearen funtzionamenduaz azalpenak eman dituzte zanpatzearen unean.
Datozen egunetarako aurreikusitako ekintzen artean, dolarea martxan ikusteko aukera egongo da egunero, urriaren 18ra bitartean, 11:30ean; zanpaketak kirikoketaren erritmora ikus daitezke urriaren 12an, 13an eta 19an, 12:00etan, eta XVII. mendeko baserri baten eguneroko bizimodua nolakoa zen ezagutzeko aukerarik ere ez da faltako. Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeko kideak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarra Kortaberria familiaren azalean sartuko dira, urriaren 12an, 13an eta 19an, 11:15ean.
Igartubeiti eta Legazpiko Lenbur Fundazioaren elkarlanari esker, Txillida Lantokia bisitatzeko aukera ere eskainiko dute aurtengo Sagardoaren Astean. Bisitak urriaren 12an eta 19an egin ahal izango dira, 17:00etan gazteleraz. Sagarra jarduera honetako protagonista izanik Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere ikusgai izango da egunotan. Euskal gastronomiara gerturatzeko aukera ere ez da falta Mundua lau zaporetan margotuta erakusketaren bidez.
Plazak mugatuak dira eta hortaz, aldez aurretik izena eman beharra dago. Izen ematea online egin daiteke Igartubeitiren web gunean eta baita 943 72 29 78 telefono zenbakira deituta edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita.