Urriaren 15etik azaroaren 6ra ospatuko da Beasaingo Mendi Festibala
Bost ikus-entzunezkok osatuko dute Beasaingo Mendi Festibalaren hamazazpigarren edizioa.
Beasaingo Mendi Festibala datorren astean hasiko da. Urriaren 15ean, 16ean, 22an, 23an eta azaroaren 6an izango dira emanaldiak. Ikus-entzunezko guztiak Usurbe Antzokian izango dira, 19:30ean hasita. Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak antolatzen dute, Beasaingo Udalaren laguntzarekin.
Bost ikus-entzunezkok osatuko dute Beasaingo Mendi Festibalaren hamazazpigarren edizioa, eta aukera ezin hobea izango da mendizaletasunaren inguruko esperientziak ezagutzeko, elkartrukatzeko eta partekatzeko. Aurten ere, mendizaletasunean eta abenturan ezagunak diren gonbidatuak izango dira, eta aurrez aurre kontatuko dituzte mendian bizi izandakoak. Denetariko gaiak eskainiko dituzte (espedizioak, eskaladak, mendiko trailak, eskia, ertzeko egoeren esperientziak,…), irudi ikusgarriekin lagunduta.
EGITARAUA:
- URRIAK 15, ASTEARTEA: 212 Mountains ikus-entzunezkoarekin hasiko da festibala, Luis Arrietaren eskutik (dokumentalaren zuzendaria). Xabier Zarranz ere bertan izango da (trail lasterkaria).
- URRIAK 16, ASTEAZKENA: Sokak egin gaitu anai emanaldia, Donnay Anaiekin.
- URRIAK 22, ASTEARTEA: Historias de cordadas ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute Nieves Gil eta Lucia Guichot mendigoizaleek.
- URRIAK 23, ASTEAZKENA: Mikel Saez de Urabain mendigoizale eta eskalatzaile entzutetsua izango da Bhagirathi III, hego mendebaldeko ertza ikus-entzunezkoa aurkezten.
- AZAROAK 6, ASTEAZKENA: Everest 1980 ikus-entzunezkoaren emanaldia. Pasang Temba sherpa izango da gonbidatua.
Bost ikus-entzunezkoen emanaldiez gain, urriaren 26an, larunbata, Antzizar Kiroldegiko rokodromoan, ate irekien jardunaldia eskainiko da. Heldu zein haur, era honetako jardueretara gerturatu eta hastapen urratsak emateko aukera izango da. Ekintza honen ordutegia, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da.