ERREPORTAJEA. Albisteen tailerra
Erredakzioa da egunkariaren bihotza. Kalean bildutako informazioari bertan ematen dio forma erredaktoreak, testuz eta irudiz. GOIERRIKO HITZAk hamabost laguneko lantaldea du, bi erredakziotan banatuta: Urretxun hiru lankide eta gainontzekoak Beasainen.

Jostun baten atelierraren pare, kazetariaren lantegia erredakzioa da. Gaur egun, erredakzio batek bestelako bulego baten itxura du, bere ordenagailu, telefono, inprimagailu eta gurpil txikiak dituzte aulki ergonomikoekin. Baina ez dira txostenak egiten edo excel taulak osatzen edo; tira, baita ere, baina erredakzio baten jardun nagusia eduki periodistikoak ekoiztean datza, genero ezberdinetakoak eta dagokion ediziorako, izan digitala edo analogikoa.
Eduki periodistiko bat albiste bat izan daiteke, kronika bat, elkarrizketa bat edo analisi bat. GOIERRIKO HITZAren kasuan ekoitz daitezke goierri.hitza.eus edizio digitalarako edo paperezko ediziorako, egunkarirako. Edizio digitala asteko zazpi egunetan elikatzen da, ia urteko 365 egunetan eta papera, berriz, astean lau bider. Aurten, XXI. publikazio urtean, 181 zenbaki argitaratu ditu GOIERRIKO HITZAk.
Hori guztia edukiz betetzeko, GOIERRIKO HITZAk hamabost laguneko lantaldea du, bi erredakziotan banatuta. Urretxuko erredakzioa txikiagoa da eta hiru erredaktorek bertatik egiten dute lan; Beasaingoan, erredakzio nagusian, beste hiru erredaktorez gain, hiru editore, bi diseinatzaile eta administrazio arloko kudeatzaileak, komertzialak eta sustapen arduradunak. Erredaktoreen artean, eskualdeko 23 herriei estaldura eskaintzen diete eta eurak dira egunerokoaren jarraipena egiten dutenak: suertatuko diren albisteen aurreikuspenak egin, lehen eskuko informazioa lortu, bildutakoa egiaztatu, egituratu eta orraztu, eta dagokion edizioren bidez irakurleengaino bidaltzen dute.
Editoreek hauen jarduna koordinatzen dute eta dena aurreikusi bezala doala kontrolatu. Dagokionean, zuzenketak ere egiten dituzte. Diseinatzaileek, berriz, erredaktoreek idatzitakoari egunkari formatua ematen diote, irakurlearentzat lan arinagoa izan dadin eta informazioa errazago barneratu dezaten. Komertzialak publizitatea erakartzen du, sustapenak hedabidearen eta harpidedunen arteko zubi lanak egiten ditu eta kudeatzailearen ardura da aurretik esandako alor guztiak era sinkronizatuan lanean aritzea, besteak beste. Erredakzioan topo egiten dute guztiek; hedabidearen bihotza da.
Asteburuak
Kazetariaren ikuspegitik, alde handia dago aste barrua edo asteburua izan. Ekitaldi gehienak asteburuan izaten dira eta, kasu hauetan, erredakziotik lan gutxiago egiten da. Kontrara, kaleko lana ugariagoa da. Gainera, teknologiaren aurrerapenei esker, erredakzioa edonora eraman daiteke eta edozein txokotatik ekoitzi daitezke eduki periodistikoak webgunerako edo papererako.
Asteburuetako lan zama horren da handia, hara eta hona errazago ibiltzeko, zazpigarren erredaktore batek egiten duela lan igandeetan. Astelehenetik ostiralera, berriz, agendari lotutako ekintza gutxiago egoten da eta ekoizpen propioko eduki gehiago sortzeko aukera izaten da: ezkutuan dauden istorioak, elkarrizketak, erreportajeak… Hedabide interesgarri zein erabilgarria izateko agenda kutsuko, aktualitateari lotutako, azken orduko… eduki periodistikoak nahastu behar dira.
Komertzialak eta sustapeneko figura ere erredakziotik joan etorrian-ibiltzen dira. Bezeroekin bildu, berriak bilatu… Euren kasuan ere erredakzioa lana borobiltzeko gunea da.