«Konturatu naiz zenbat maite dudan aktore profesio hau»
Oso gaztea den arren, ibilbide luzea egin du dagoeneko Maria Redondo legazpiarrak musikan eta antzerkian. Orain, telenobela batean dabil lanean, Madrilen, eta zinemara salto egiteko irrikaz dago.
Madrilen dabil azken hilabeteetan Maria Redondo (Legazpi, 2000), baina legazpiarrek ez dute asko sumatzen haren falta, egunero ikusten dutelako telebistan. TVEren Valle salvaje telesailean ateratzen da, astelehenetik ostiralera, arratsaldeetan. Matilde bihurtzen da Maria telebistako pantailan.
Zer da Valle salvaje?
Valle Salvaje eguneroko telesail bat da, telenobela bat, TVEk Bambu Producciones etxearekin ekoitzi duena. 1763an kokatzen da, eta iparraldean dagoen Valle Salvaje etxaldeko semearekin ezkontzera derrigortzen duten Adrianaren bizitza kontatzen du.
Zein da zure papera?
Ni Matilde naiz. Valle Salvajen etxe nagusia eta bigarren etxea daude, eta ni etxe txiki horretako Victoria etxezainaren erraina naiz, bere seme Gasparrekin nago ezkonduta.
Nolakoa da Matilde?
Pertsonaia polita da, bihotz handi-handikoa, emakume ona. Bakean bizi nahi du, familia izan eta senarrarekin lasai bizitzea. Baina ezin du, tratu txarrak jasotzen dituelako senarraren partetik, eta hain txiki sentitzen da, ez dela maitatua sentitzen, eta asko sufritzen du. Niretzat oso bihozbera da, eta guztiok aurki dezakegu gure barnean Matilde txiki bat, guztiok daramagulako gure traumatxoa barruan. Horregatik da hain erraza berarekin konektatzea. Telenobelak aurrera egin ahala, eboluzio bat ikusiko dugu pertsonaia horretan.
Noiz hasi zinen lan honekin?
Martxoan hasi ginen entseguekin pertsonaiak lantzen. Aktore coach-ak genituen. Ia hilabete eta erdi egon ginen, lehenengo hamar atalak prestatzen, entseguak egin eta egin, bakoitza bere pertsonaiaren nondiko norakoa lantzen, nire kasuan, Victoria nire amaginarreba eta Gaspar nire senarra diren Sabela Aran eta Chechu Salgadorekin. Apirilean grabatzen hasi ginen, eta azaroan amaituko dugu. Egunero ari gara lanean, Madrilen, astelehenetik ostiralera, lan jardun luzeekin, 08:00etatik 19:00etara. Ordu dezente dira.
«Valle Salvaje-koa lehen aldia da gazteleraz lan egiten dudana, eta pixka bat arraroa izaten ari da»
Noiz arteko lana da?
Denboraldia 120 atalekoa da, eta gero ez dakigu zer gertatuko den. Algete herrian daude platoak, bi etxeen barrukoak. Kanpoko irudiak La Pinilla eski estaziotik gertu grabatzen ditugu, Segovian.
Gustura zaude?
Oso gustura nabil, baina nekagarria ere bada, batez ere eszena bera behin eta berriro entseatzen dugulako, baina hala izan behar du, behin grabatzen hasita oso entsegu gutxi ditugulako, eta hasieran egin dugun lan horrekin sortzen joaten garelako beste guztia. Oso polita da ikustea pertsonaiak nola doazen eboluzionatzen, eta nola ari den garatzen arku dramatikoa.
Nola sentitu zara?
Lehen aldia da gazteleraz lan egiten dudana, eta pixka bat arraroa izaten ari da. Garaia ere halakoa da, eta orduko gaztelera nahiko jasoa da, eta hitz arraroak erabiltzen ditugu askotan. Jantziak ere ikusgarriak dira. Madrilgo Callao zinemetan estreinatu zen, eta pantaila handian nire burua hala ikustea ikaragarria izan zen, telebistako medioekin, alfonbra gorriarekin… Oraindik barneratzen ari naiz hori guztia.
Zer moduz Madrilen?
Gogorra da zentzu batean, hiri handia da, jende berria… Baina ekipoan oso giro ona dugu, oso ondo konpontzen gara aktore guztiak, asko zaintzen dugu elkar… eta hori beharrezkoa da, dena oso intentsua delako, emozio asko daudelako tartean, eta ordu asko direlako. Madrilekin, bestalde, lehendik banuen arantza bat, Go!azen-en hasi aurretik hona ikastera etortzeko asmoa nuelako, baina azkenean Euskal Herrian geratzea erabaki nuelako. Orain, lan egitera etorri naiz, eta urtez urte egindako lana etekinak ematen ari dela ikusten ari naiz, ari direla ateak irekitzen. Ikusiko dugu hemendik aurrera. Euskal Herrian lan egitea ere gustatuko litzaidake, baina Madrilen jarraituko dut momentuz, haziak ereiten.
«Euskal Herrian lan egitea gustatuko litzaidake, baina Madrilen jarraituko dut, haziak ereiten»
Pozik zaude zure karrera hartzen ari den norabidearekin?
Bai. Hau guztia oso intentsua da, baina oso pozik nago, nahiz eta nekea igartzen hasita nagoen. Zazpi urte daramazkit lanean gelditu gabe. Go!azen-ekin hasi nintzen, gero antzerkia ere etorri zen, eta Kutsidazu bidea Ixabel, Itsatsita eta Semea pixka bat motelago dabil egin bitartean, Go!azen-eko kontzertuak zeuden uda guztietan. Gainera, Donostian Filosofia ikasten ari nintzen, eta oraindik ez dut lortu bukatzea. Antzerkia ere ikasi nuen tarte horretan!
Gogorra al da aktore izatea?
Ni oso pozik nago profesionalki, baina pentsatzen jarrita nago gure lan honetan nola bizi garen, alde batera eta bestera, estututa, beti zain ea norbaitek deitzen digun, eta ez esateari diogun beldur horrekin… Horrela bizitzea ez da batere sanoa, lanak dakarren estresarekin eta neke fisiko eta mentalarekin… Baina aldi berean, asko ikasten ari naiz, eta lan hau entrenamendu ederra da aktore bezala. Konturatu naiz zenbat maite dudan aktore profesio hau, aktore izatea ikaragarria da.
Beti izan nahi al zenuen aktore?
Nire kasuan bokaziozkoa da, bokazio hau ikaragarria da eta hazten ari da. Ikaragarri maite dut egiten dudana, eta nahiko nuke aktore izan bizitza osoan, nahiz eta jakin oso sakrifikatua dela, eta askotan baita oso prekarioa ere. Antzerkiak ikaragarri betetzen nau, telebistak ere bai, modu desberdinean. Aktore izatea da benetan gustatzen zaidana, abestearekin batera, noski. Baina oraintxe hau da tokatu zaidana, eta ikaragarri ari naiz gozatzen Matilde pertsonaiarekin. Zinema egiteko kristoren gogoarekin nago, desiratzen ea pelikularen bat ateratzen zaidan, ahal bada Euskal Herrian. Eta lanean jarraitzeko prest.