«Urte askotako haserrea azaldu beharra dauka txirrindularitzak»
Gipuzkoako txirrindularitzarako «konponbidea» eskatuz, manifestaziora deitu dute iganderako, Donostian. Mugimendua izan da. Santi Osorok (Ataun, 1969) utzi du kargua; Diputazioak hartu du.
Duela hilabete batzuk zuzendaritza talde osoak dimisioa eman ondoren, funtzioetan zeukaten ardura herenegun utzi zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du Federazioaren gidaritza. Santi Osorok gidatu duen taldeak, ordea, egoera onbideratu nahi du. Egoera salatu eta eskubideak aldarrikatuko dituzte igandean, indar erakustaldia eginda.
Gaur [atzo] Euskadi Irratian esan duzunez, mugimenduren bat ba omen dago.
Atera dugun zaratak eragina izan du. Badira bi aste Eusko Jaurlaritza gurekin kontaktuan jarri zela, bileraren bat edo beste egin dugu, eta badirudi orain arte ikusten ez zutena nabarmen gelditu zaiela: konpondu beharreko arazo bat dagoela Gipuzkoan. Bihar [gaur] bilera daukagu Gasteizen, eta Diputaziokoak ere joango dira. Eskatzen ari garen mahaia sortu eta hasteko da.
Gipuzkoan txirrindularitza airean utzi duten arazoak, denek ikusten dituzte?
Denak dira koziente arazoa potoloa dela, eta ezinbestekoa da konponbide bat ematea. Inork ez du aurreikusten Gipuzkoan txirrindularitzarik ez egotea, inoren buruan ez da hori sartzen. Orain ematen du serio hartu gaituztela. Konponbiderako, erdibide bat aurkitu beharko dugu: eurek parte batzuk utzi beharko dituzte, eta guk ere bai. Orain daukaguna baino zer edo zer hobea atera beharko du, hori seguru. Ez dago beste erremediorik.
Mugimenduak izan badira ere, igandeko manifestazioaren deialdia mantentzen duzue?
Bai. Nahiz eta ikusi dugun borondatea badagoela eta konponbidea nahi dela, lehenengo pausoak ematen ari gara. Esku artean ez daukagu borondate ona besterik, ez dago ezer lotuta edo zehaztuta. Hori gertatu ezean, mantendu egiten dugu deialdia. Txirrindularitza munduak azaldu beharra dauka urte askotako haserrea. Ez da lehiaketakoa bakarrik, bestela ere arazo asko daude. Bidegorrietako erabiltzaileetatik hasi, Gaintxurizketako arazoa hor dago, hildakoekin, eta ez zaio irtenbide egoki bat eman. Hemen gaudela esateko da, gure eskubideak ere baditugula, eta hori azaltzeko gogoa dago.
«Inork ez du aurreikusten Gipuzkoan txirrindularitzarik ez egotea, inoren buruan ez da hori sartzen»
Nolako protesta izango da?
Konponbidea izango du leloa. Jende askoren atxikimendua jaso dugu, babesa zabala da; ez txirrindulariena bakarrik, kirolari askorena ere bai. Manifestazioa 11:00etan abiatuko da Anoetatik, belodromo ondotik. Bulebarreraino joango gara. Pankartak irekiko du, eta oinez joango dira talde guztietako ordezkariak, euren mailotekin, eta antolatzaileak. Txirrinduan joaten direnak horien atzetik, eta bukaeran, karrera bat irudikatuz, taldeetako auto bana eta hiruzpalau furgoneta, erratz modura. Tartean, lotura-motoak ere joango dira, gure karreretan zati garrantzitsua direnez gero.
Zuzendaritza osoak dimisioa eman ondoren, funtzioetan jarraitu duzue harrezkero. Aldatu da zerbait?
Atzo [herenegun] arte geunden funtzioetan, jada ez. Iritsi zen une bat nora joanik ez geneukana gure arazoak azaltzera edo babesa eskatzera. Gure indarra dena da, mugatua, eta horrela ezin genuen lanean segitu. Bestetik, aldarrikapenei beste norabide bat eman behar geniela ikusi genuen. Bagenekien guk dimisioa emanez gero Diputazioak hartu beharko zuela Federazioaren zuzendaritza, harik eta beste bat aukeratu arte. Aurretik dauden arazoak konpondu gabe, inor aurkeztea oso zaila ikusten genuen. Gure dimisioaren eraginetako bat, aurreikusi bezala, Eusko Jaurlaritzara federazioa bakarrik ez joatea zen; hala gertatu da. Gu joango gara bileretara, baina Diputazioa ere bai, gu ailegatzen ez garen lekuetan presioa eurek egiteko. Hori nahi genuen, eta lortu dugu azkenean.
«Une honetan, nekatuta eta hau bukatzeko gogoarekin gaude, eta ez dugu aurreikusten jarraitzea»
Zuek jarraitzeko nahirik edo gogorik baduzue, egoera hobetutakoan?
Neke handia daukagu, oso-oso gogorra izan da. Behin ere ez da erakargarria federazio bat hartzea eta lanean aritzea. Musutruk aritzen gara, ordu asko bota behar dituzu. Gipuzkoakoa, gainera, ez da edozein federazio: oso aktiboa da, lan eta karga handia dauka. Une honetan, nekatuta eta hau bukatzeko gogoarekin gaude, eta ez dugu aurreikusten jarraitzea. Baina, bestetik, hau konpondu ezean, beste inork ez zuela nahiko ere ikusten genuen. Gure azken saiakera gauzak konpontzea da.
Ziklo-kros denboraldia gainean da. Airean dago?
Bai. Arazorik handienak Ertzaintzarekin eta Trafiko zuzendaritzarekin daude. Gatazka horretan, ez dauka inongo zentzurik pista eta ziklo-krosa normaltasunez egitea eta gero errepidekoa hasitakoan betiko egoera berean egotea. Eraginkorragoa da dena gelditzea edo dena martxan jartzea, harik eta konponbide bat lortu arte. Gainera, konponbideak Gipuzkoako txirrindularitza guztiaren oniritziarekin izan beharko du, bidegorrietan ibiltzen direnetatik hasi eta goi mailan korritzen dutenenganaino. Zeren, bai Diputazioak, bai Federazioak, gestioan laguntzen dugu, baina txirrindularitza egin eta aurrera eraman taldeek, eskolek, antolatzaileek eta zaleek egiten dute. Horien oniritzirik gabe hau ez da konponduko.
Ulermenerako aukerarik ikusten duzu, epe motzean?
Ez dago beste erremediorik. Hemen ez dago B planik.