ERREPORTAJEA. Katearen azken begia
GOIERRIKO HITZA irakurleen eskuetaraino iristeko banatzaileak dira katearen azken begiak. Ordu txikietan hasten dute jarduna, harpideek esnatzerako izan ditzaten albisteak. Maria Jesus Sasturain Urretxu eta Zumarragako periferian aritzen da banaketan. Goierriko euskarazko egunkaria hamar banatzaileren artean iristen da etxeetara.
Maria Jesus Sasturainek beste inork baino lehenago hasten du eguna. 04:30ean ekiten dio lanari. Etxerainoko langilea da eta, besteak beste, GOIERRIKO HITZA harpidedunen etxeetaraino eramateko ardura du. Sasturain Urretxu eta Zumarragako periferiaz arduratzen da; beste lankide batek egiten ditu erdiguneko etxeak; beste batek, Legazpikoak… GOIERRIKO HITZA hamar banatzaileren artean eramaten dute ia 2.000 etxetara.
Gainerako egunkariak baino lehenago iristen da HITZA inprentatik Urretxura. Sasturainek, adibidez, Berria ere banatzen du eta, ostiraletan Goiberri aldizkaria. Gainerako egunkariak etorri aurretik, soilik HITZA jasotzen duten etxeekin hasi da: autoa hartu, errepide bazterrean gelditu, dagozkion egunkariak dagozkion buzoietan sartu, eta berriz kotxera. «Ibilbidea buruz dakit. 20 urte baino gehiago daramatzat banaketa lanetan», kontatu du. Senitarteko batek esan zion Euskaldunon Egunkaria banatzeko jende bila zebiltzala eta horrela hasi zen.
Denbora honetan, harpidedun batzuk ezagutzeko aukera ere izan du, nahiz eta diren orduak izanda, tratu zuzenik ia ez duten. «Behin, lanean ari nintzela, irrist egin eta min hartu nuen. Gauean, mugikorra kotxean utzita… eskerrak harpideek lagundu zidaten», oroitu du. Orokorrean, lan bakartia da banatzaileena. Gaueko ordu txikietan inor gutxi dabil kalean. Sasturainek ez du irratirik edo musikarik eramaten gainean lanerako.
Lan gogorra izan daiteke banatzaileentzat. Zortzi orrialdeko egunkari soil batek ezer gutxi dirudi, baina egunkariak banatzen hasterakoan pilatzen den orri kopuruak pisua hartzen du. Neguan, goizean goiz, hotza eguneroko ogia izaten da eta, gaitzerdi euririk edo elurrik egiten ez badu. «Neguan ondo prestatuta ibili behar izaten da: txanoa, eskularruak, oinetako onak… Autoan sartu irtenean ibili arren, aterkia ere erabiltzen dut». Dena behar da egunkaria txukun entregatzeko. «Bustiz gero, apurtzen bada… ez du balio. Badaezpada, beti ekartzen dizkidate pare bat egunkari gehiago». Plastikozko poltsak ere erabiltzen ditu egun euritsuetan, papera babesteko.
Azkeneko alea Sasturainentzat izaten da. «Asko gustatzen zait irakurtzea. Mugikorrean ere irakurtzen dut, baina papera gustatzen zait». Paperaren aldeko hautua geroz eta gutxiagok egiten dutela esan du, baina. «Ez da gazterik ikusten egunkariarekin», atsekabetu da. Helduagoen artean ere joera aldaketa ikusi du. «Asteburuetan gehiago irakurtzen da paperean».
Konturatzerako, heldu dira 07:00ak. Orduan banatzen ditu azkeneko egunariak Sasturainek. HITZAk, asko jota, 12:00etarako entregatu behar dituzte, baina urretxuarrak nahiago du lehenago egin. Harpidedunak esnatzerako, etxean bertan dute tokiko euskarazko informazioa.