Etorkizuneko erronkei erantzuteko Herri plana abian da
Etorkizuneko Ezkio irudikatuko duen esku-orria zehaztu nahi dute. Herritarrekin parte hartze prozesua abiatu dute. Apirilera bitartean, hiru fasetan garatuko da prozesua.
Etorkizuneko Ezkio herritarrekin batera irudikatu eta zehazteko helburuz, Herri plana proiektua aurkeztu berri du Ezkioko Udalak asteburuan. Larunbatean udaletxeko ganbara aretoan egin zuten aurkezpen ekitaldian, Herri plana «denon artean herri hobeago bat irudikatu eta egikaritzeko prozesu» bat dela azaldu zuten. Behin aurkezpena eginda, apirilera bitartean hiru fasetan garatuko dute proiektua. Hiritik At kooperatibak gidatuko ditu saioak.
Ezkioko Herri plana parte hartze prozesu baten bitartez gorpuztu nahi dute, «prozesu honetan herritarrek ikusten dituzten gabeziak, beharrak edo zerbitzuak zehaztuko dira», esan du Itziar Etxezarreta, Ezkioko kultura eta euskara zinegotziak. Are, «hirigintzaren begiradatik datozen urteetarako udalean dagoen lan taldearentzako esku-orri moduko bat osatzea da helburuetako bat», azpimarratu du. Esku-orri hori «praktikoa» izango da, erabakiak hartuko dituztenak «gidatuko dituena».
Prozesua, hiru fasetan
Behin aurkezpena eginda, fase ezberdinetan garatuko da prozesua. Etxezarretak azpimarratu duenez, «herritarrak sektoreka banatuta» solasaldiak egingo dituzte, azaroaren 16an Ezkion eta abenduaren 14an Santa Lutzin. Sektoreak guztiz zehaztu gabe dituzten arren, «gazteak, adinekoak, emakumeak, etorkinak —ingurutik bertara bizitzera etorri direnak edo atzerritik etorritakoak—, Ezkion jaiotakoak, baserritarrak…» izan daitezkeela zerrendatu du zinegotziak. Behin lehenengo fase hori burututa, parte hartze saioak egingo dituzte bigarren fase batean: urtarrilaren 11n, otsailaren 8an eta martxoaren 15ean. Amaitzeko, aurrekoen osagarri izango den beste saio bat aurreikusi dute apirilaren 12an.
Gehiengoaren iritziak kontutan hartzeko helburuarekin «ahalik eta herritar gehienen» parte hartzea sustatu nahi dute udaletik, «ahalik eta jende ezberdinagoengana iristea da helburua». Prozesu honetan parte hartzearen garrantzia ere azpimarratu du Etxezarretak: «Garrantzitsua da, herritarrok erabaki behar dugulako datozen urteetako Ezkio nolakoa izango den. Ez dagokigulako erabakia hartzea, soilik, udalean gauden zinegotzi edo udal taldeari». Prozesu honetatik aterako den esku-orria epe ertain eta luzerako gidalerroa izatea nahi dute. «Behin lanketa amaitu eta txostena egikaritzean, martxan jartzeko modukoa izango da. Baina errealistak izanda, epe luzerako proiektu gisa ikusi behar da. Kontutan hartu behar da hirigintza proiektuetan diru asko behar izaten dela inbertsioetarako. Izapide ekonomiko eta administratiboak ere luzera jotzen dute».
Oinherri, aurrekaria
Ezkio-Itsasoko Udalak 2022an sinatu zuen lankidetza hitzarmena Oinherri herri hezitzaileen sarearekin. «Ordutik, buruan geneukan erabaki asko herritarrekin batera hartu nahi genituela», gogoratu du Etxezarretak. Santa Lutziko plaza eraberritzeko unean egin zuten lehendabiziko saiakera. «Herritarrek bertan zer jartzea nahiko luketen galdegin genion geure buruari. Gaiari bueltak ematen hasi eta konturatu ginen zerbait orokorragoa behar genuela, ez soilik parte hartze prozesu bat plaza bat eraberritzeko, baizik herri mailan egon daitezkeen beharrak bilduko dituen esku orri bat osatzea behar genuela», zehaztu du. Amaitzeko, prozesuaren garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu herritarrak eta parte hartzera gonbidatu ditu.