Goierriren etorkizuneko lurralde konfigurazio prozesua hasi dute
Goierriko Lurraldeko Plan Partziala berrikusiko dute, udalerriz gaindiko antolamendua zehaztuz. Hurrengo bi hamarkadetako hirigintza eta azpiegiturak aztergai dituzte.
Goierriko eskualdearen lurralde antolamendu berria zehazteko prozedura abian du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta herritarrekin elkarbanatzeko asmoa duten bi partaidetza saioetatik lehenengoa egin dute. Goierriko Lurraldeko Plan Partzialak (LPP) hurrengo bi hamarkadetako lurzoruaren ordenamendua arautuko du, udalerriz gaindiko azpiegituren antolamendua zehaztuta. 2025eko irailean agortu zaio gaur egungo LPPri indarraldia. Goierrikoaz gain, Urola Kostako LPP berritzeko prozesuari ere ekin dio aldundiak.
Iazko maiatzean hasi zen Goierriko LPP berritzeko ekimena. Santi Peñalba eta Iñigo Peñalba arkitektoek, eta Mikel Iriondo abokatuak gidatuko dute plan berriaren idazketa. Iraileko azken astean aurkeztu zituen Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek LPPren ildo nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, behin informazio eta diagnostiko agiria eta aurrerapen txostena osatu dutenean. Berrikuspen prozesua «luzea» izango dela aurreratu du.
Aurreneko diagnosi eta informazio sintesi fasean, Goierriko udalekin hartu-emanean jarri da proiektu idazketa taldea, aurrerapen txostena osatzeko. Urriko lehen astean, herritarren lehen partaidetza fasea garatu zuen aldundiak, Zumarragan eta Ordizian jendaurreko aurkezpenak eginda.
Goierrirako lau gai nagusi
Lurraldeko Plan Partzial berriaren aurrerapenean Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, Goierrirako lau ildo nagusitan jarriko du arreta. Zumarragako hiri-eremuaren «erregenerazioa» izango da erronka bat, eta LPPk horretarako baliabideak eta aukerak irekiko ditu. Beste bat, Beasain-Ordizia-Lazkao eremua.
Beasain eta Zumarraga arteko korridorea izango da hirugarren eremu garrantzitsu bat etorkizuneko Goierriren lurralde-konfigurazioan: Ezkio-Itsasoko Santa Luzia-Anduaga bailara. Ingurumen aldetik, «eraztun berde bat eratzea» edo uholde-arriskuak minimizatzea ere landuko ditu Goierriko LPPk.
Betebehar orokorrei ere kasu egin beharko die, hala nola erronka demografikoari, etxebizitzaren arazoari eta hiri-hazkundearen perimetroei.
Azken txostena orain 16 urtekoa
Goierriko 22 udalerriak hartzen ditu lurralde antolaketako Beasain-Zumarraga eremu funtzionalak, baita Arabako eta Gipuzkoako Partzuergo Orokorra (Aizkorri-Aratz) eta Enirio-Aralar ere. 2009ko irailaren 29an onartutako txostena dago gaur egun indarrean. Hamasei urteko epea eman zion bere buruari eskualde mailako eragineko ekintzak koordinatzeko.