ERREPORTAJEA. Itxura berritzeko urtea izan da 2024a
Urtea hastearekin batera azal argiago batekin ari da lanean 'goierri.hitza.eus' webgunea, eta maiatzaz geroztik diseinu berria du egunkariak. Gaur egungo joeretara egokitzeko aldaketak izan dira.
Aurrena webgunea izan zen, hurrena egunkaria. Edo beste modu batera esanda: edizio digitala lehenik, eta gero paperekoa. GOIERRIKO HITZAk editatzen dituen bi euskarri nagusien itxura berritze urtea izan da 2024.a. Ez da erraza gurea bezala erredakzio txiki batentzat gaurko eguneko joera eta bat-bateko aldaketetara azkar batean egokitzea, arrasto horiei jarraitzea. Baina etorri dira berrikuntzak azkenean.
Gipuzkoako eta Bizkaiko tokiko HITZAk elkartu, eta 2022an eta 2023an egindako bilera sorta baten ondoren erabaki zen urtea hastearekin batera webgune berriak sareratu beharra zeudela. Urtarrilaren 2an izan zen hori. Eskualde bakoitzeko edizio digitalen arduradunak elkartu, zer berritu eta zer mantendu erabaki, eta 2018az geroztik taldearentzat web garatzaile lanak egiten dituen Adibide Komunikazioa enpresari proposatu zitzaizkion.
Egitura bera ez, baina azalaren itxura eta albisteen fitxen itxura berritzea izan zen proposamen nagusiena. Webgune zuriagoa, argiagoa izatea zen nahia, begietara arin sartuko zena. Eskatu zitzaion hainbat ikono eta xehetasun beste modura batera kokatzeko, albiste nabarmenaren trama urdina aukeran uzteko, kazetarien sinadura ezkerrerako eramateko, argazkilariaren sinadura bistaratzeko garapen txukun bat egiteko. Eta bai, hilabeteetako lanen ondoren, urteberritatik ari gara lanean gaur egun ikusten duzun webgunearekin.
Sakelakorako egitura lehenik
Orain dela urte gutxira arte, ordenagailuko pantailan ikusteko webgunea nola egituratu zen pentsatu eta aztertu beharrekoa, baina azken hamarkadan joera hori irauli da. Dagoeneko ez du balio horrela pentsatzeak, ordena aldatu da. Webgunea sakelako telefonoan nola bistaratuko den pentsatu behar da aurrena –webguneko ikustaldien hamarretik zazpi telefono bidez egiten dira–, eta behin hori zehazterakoan, ordenagailurako diseinura jotzea.
HITZAren webgunea ez da Goierriko Hedabideek kudeatzen duten atari digital bakarra. 2017an goierrikozerbitzuak.eus webgunea berritu zen, 2020an otamotz.eus egokitu zen goierri.hitza.eus webgunearen sistemara, eta 2023an goiberri.eus eguneratu zen. Aurrerantzean ere izango da zer txukundua eta zer berritua.
Egunkariaren diseinua maiatzean
Baziren 10 urte GOIERRIKO HITZAk ez zuela diseinua aldatzen, eta aurten, hogeigarrenaren urteurrenarekin batera egokitu da itxura aldatzea. Iaz Berria egunkariak egin zuen diseinu aldaketa Iruñeko Somos Errea estudioarekin elkarlanean, eta han egindako lana eta hura garatzeko egin ziren aldaketa tekniko guztiak gureganatuta –QuarkXpress programa alboratu, eta Sirius lan sistemara pasa– kaleratu genuen papereko edizio berritua maiatzaren 28an. Ez zen egun samurra izan. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ondorena ekarri beharra zegoen lau orritara –sailkapen eta guzti–, eta astelehen hari egunean zeharreko gorabehera guztiak gehituta, ez ahaztekoa izan zen erredakzioarentzat eta teknikarientzat.
Cyan eta hori koloreak dira atal eta osagaien bereizgarri egunerokoaren kasuan, eta magenta kolorea gehigarri eta publikazio berezietan. Maketek egitura berria dute, malguagoak dira, eta zuritasun eta aire gehiago dute, baina era berean, diseinuarekin jokatzea gustatzen zaien kazetarientzat hertsiagoak. GOIERRIKO HITZAren ibilbidean egin den laugarren diseinu aldaketa izan da aurtengoa.
Errea estudioko Javier Errearen hitzok baliagarriak izan daitezke diseinuaren garrantziaz jabetzeko: «Egunkari bat birdiseinatzea ez da polita jartzea. Tira, bai, polita jartzea ere bada. Baina ez hori bakarrik, eta ez hori batez ere (…). Egunkari batek birdiseinu baten ondoren hobera egitea da eska dakiokeen gutxienekoa».