Juanjo Moralek Beasainen aurkeztuko bere lehen eleberria
'Vencer en tierra de espias' du izenburua, eta bere aita Juan Jose Moralek 1975ean irabazitako txirrindulari lasterketa garrantzitsu bat da abiapuntua, eta Gerra Hotzeko espia trama bat da ardatza.
Juanjo Moral Cibrian zumarragarrak txirrindularitza eta Gerra Hotza uztartzen dituen eleberria idatzi du. Vencer en tierra de espias da liburuaren izenburua eta azkeneko asteetan, Legazpin eta Zumarragan egindako aurkezpenen ondoan, ostegunean, Beasaingo Loinatz Txirrindularitza Elkartean (Zelaeta kalea 3) izango da, 18:00etan hasita.
Espioiak, traidoreak, inteligentzia agentziak, infiltratutako agenteak, Berlingo harresia… eta txirrindularitza dira Gerra Hotzaren garaian kokatutako lan honen mamia. Trama 1975ean garatzen da, eta Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri. Moralen aitak lasterketa hartan parte hartu zuen eta etapa bat irabazi zuen. Aitaren garaipenak eta bizipenak izan dira idazle berri honen inspirazio iturri.