Kalebarreneko aparkaleku berria ostiral arratsaldean irekiko dute
102 autorentzako kabida izango du
Zumarragako Udalak aparkaleku berria egin du Olaetxeako zelaian (Kalebarrenen, Ipintzara bidean). Dagoeneko margoketa lanak egiten ari dira eta ostiral arratsaldean irekitzea espero dute. 102 autorentzako kabida izango du. Igande gauetik ostirala arte 1. zonako egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Gainontzeko ordu guztietan nahi duten guztiek aparkatu ahal izango dute. Doanekoa izango da.
Kalebarreneko aparkaleku zaharra itxi egin zen, Forjaseko etxeak egiteko. Hori dela eta, urte hasieran udalak lehen pausoak eman zituen Olaetxeako zelaian aparkaleku publiko bat egiteko. Uda aurretik hitzarmena sinatu zuen lurjabeekin. Jabeek udalari lursaila utzi diote. Legealdi honetan bertan, bi urte barru gutxi gorabehera, 40 etxebizitza inguru egiten hasiko dira Olaetxeako zelaian. Kalebarrenen egiten ari diren eta egingo diren etxebizitzen atzealdean bide bat egingo da eta bide horren ondoan 140 aparkaleku egingo dituzte.
Mikel Serranok aparkaleku berriko obra bisitatu du gaur eguerdian eta aparkalekuan arazoari aurre egiteko lan egiten ari direla esan du. “Herri guztietan dituzte aparkalekuekin lotutako arazoa. Oinezkoei lehentasuna eman behar zaie, baina aparkalekuak ere behar dira. Ibaiondon aparkelakuak egin ditugu eta Urretxu eta Zumarragako udalak Adif-ekin hitz egiten ari gara trenbidearen ondoko lursailean beste aparkaleku bat egiteko. Horretaz gain, Beloki hiribidean, bi altuerako aparkaleku bat egingo dugu. 250 autorentzako tokia izango du. Aurrekontua bi milioi eurokoa da. Gainera, aurrerago hirugarren solairu bat egiteko aukera izango dugu”.