Udaletxearen mendeurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte
Urriaren 25ean herriko gaztetxoek tapiz bat margotuko dute elkarlanean, eta 'Sustrai' ikuskizuna izango da Usurbe antzokian.
Beasaingo udaletxeak 100 urte beteko ditu urriaren 26an eta mendeurrena ospatzeko, ekintza bereziak izango dira. Herritarrei zuzendutako kultur arloko bi ekintza antolatu dituzte, hain zuzen ere.
Urriaren 25ean, ostirala, mendeurrenaren bezperan, 17:00etik 20:00etara, herriko gaztetxoen artean tapiz bat sortzea da proposamenetako bat, Tapiza, 100 urte ondare eta baloreak landuz lelopean. DBH-ko gazteei zuzendutako ekintza bat da, eta herriko ikastetxeei egingo zaie parte hartzeko gonbita. Bederatzi irudi esanguratsu aukeratu dituzte, eskuen irudia da horietako bat, eta tamaina handiko egur xaflen gainean irudikatuko dituzte. Banaka, binaka edo gehienez hirunaka egongo dira gaztetxoak irudia margotzen. Gutxienez 9 pertsona eta gehienez 30 beharko dira ekintza hau burutu ahal izateko.
Horrez gain, adin guztietako herritarrentzat txoko bat ipiniko dute, ondare eta balore hauen inguruko informazioarekin, eta pinak egiteko aukera ere egongo da nahi duenarentzat.
Loinazko San Martin plazan gauzatuko dute.
Sustrai ikuskizuna
Herriko gaztetxoek tapiza pintatzen duten egun berean, Sustrai ikuskizunaren emanaldia izango da, Usurbe antzokian, 20:30ean. Ikuskizun berritzaile bat da honako hau. Iragana, oraina eta etorkizuna erabiliz bidaiatzeaz gain, hauekin ere jolasten duena. Bertan, gainera, zirku garaikideaz gain, arte plastikoen zuzeneko erakustaldia ere eskaintzen da. Sustraik, era berean, zirkuko artisten eta Miren Barrena artista plastikoaren arteko elkarrizketa sinbolizatzen du. Oholtza gainera kezka eta beldur desberdinak eramaten dira, baina baita, bakoitzaren istorioa, jakinduria pertsonala eta, batez ere, aurrera egiteko gogoak. Zirkua, akrobaziak, dantza eta antzerkia elkar lotuz, bederatzi artistek osatzen duten ikuskizuna da.
Sarrera doakoa izango bada ere, antzokiko aforoa mugatua denez, ikuskizuna ikusi ahal izateko txartelak eskuratu beharko dira (gehienez, lau txartel pertsonako), Usurbe antzokiko leihatilan ohiko ordutegian. Izen-abizenak eta harremanetarako datuak eman beharko dira bertan.