Urriaren 13an Lapurdin senidetuta
Segurak eta Urruñak senidetze gutuna izenpetu dute. Datozen belaunaldiei elkarlanari eusteko deia egin diete bi alkateek.
Bi herrien arteko elkarkidetza hiru hamarkada badituen arren –Iparra-Hegoa da horren adierazle nagusiena–, igandeaz geroztik ofiziala da Seguraren eta Urruñaren arteko senidetzea. Urruñan egindako ekitaldi batean izenpetu dute Izarra Urdalleta eta Phillippe Aramendi alkateek senidetze gutuna. Orain urtebete hasi ziren bide hori urratzen, eta bi herrietako Udalbatzek senidetze proposamena onartu ondoren, sinatuz formalizatu dute.
Pausuko Xaia ostatuan gosalduz hasi zuten eguna. Handiak Urruñako plazara joan ziren –Seguratik 35 lagun inguru–, eta eguerdian egin zuten ekitaldi politikoa. Agurra dantzatu zieten bi herrietako agintariei, eta urruñarrek margolan bat eman zieten opari segurarrei. Aperitifaren ondoren, Berttoli elkartean bazkalduz amaitu zuten.
Lekukoa hartzeko deia
Bi alkateek ez ezik, Iparra-Hegoako Segurako ordezkari batek eta Etxepare Lizeoko ordezkari batek hartu zuten hitza ekitaldian. Konpromiso «zehatz» bat hartu zuten, Urdalletak adierazi duenez. «Elkarlanean jarraitu behar dugu. Udalak lagundu eta babestuko du elkarlan hori, baina egin herriak egin behar du». Belaunaldi berriei «lekukoa hartzeko» deia ere egin zieten. Eguna «bikaina» izan zela gogoratu du, eta eguraldia ere pare-parekoa izan zutela.