ERREPORTAJEA. Edizio digitalak, ahobiko tresnak prentsarentzat
Sekula izan duten irakurle kopuru handiena dute gaur egun Goierriko Hedabideek kudeatzen dituzten edizioek. Webguneetako irakurleek eragin dute igoera.
Aizu, enteratu al zara zer gertatu den Lazkaon?’ ‘Bai, ikusi dut Hitza-n bai!’. ‘Eta zikoina batek Zumarragako Migel Lopez de Legazpiren eskulturan habia egin duela?’ ‘Bai, bidali didate Otamotz-eko lotura Whatsappez!’ Halako zenbat galdera-erantzun emango ote dira eguna joan eta eguna etorri goierritarren artean. Goierriko Hedabideek kudeatzen dituzten bi webgune nagusiak erreferente dira gaur egun tokiko informazioa euskaraz jaso nahi duten herritarrentzat.
Sortu eta lehen urtera jarri zuen martxan webgunea GOIERRIKO HITZAk. Hasiera haietan papereko edizioan argitaratutako albisteak biltzen zituen biharamunean. Bi hamarkada pasa dira harrezkero, eta orain, beste bat da kontua. Bidean urratsak egin dira, eta edizio jarraituak hartu dio lekua lehen informazio bulkatze huts bat zenari. 2015az geroztik, asteko zazpi egunetan eguneratzen dira goierri.hitza.eus eta otamotz.eus webguneak.
Hiru milioi orrialde inguru urtean
Azken hamar urteetako Interneteko trafikoaren bilakaera jasotzen duten diagramak argigarriak dira. Bi webguneek goranzko bilakaera izan dute azken urteetan. Pandemia garaiko urteetan ikusitako orrien kopuruak bi milioiko langa gainditzea lortu zuen goierri.hitza.eus-en kasuan, eta laurehun milakoa otamotz.eus-en. Aurrenekoan zertxobait apaldu dira datuak, bigarrenak zazpiehun milako langa du gertu. Ez da samurra informazio jario etengabeari eta irakurleen fideltasunari eustea papereko publikazioetako (HITZA eta GoiBerri) lana edizio digitaleko lanarekin uztartzen dituen erredakzio txiki batentzat.
Hona iazko datu batzuk: Eguneroko jarioan eta goiberri.eus webgunera igotzen diren artikuluak batuta, 6.510 izan ziren sareratutako albisteak; agendan 2.237 ekitaldi publikatu ziren; 318 bideo editatu ziren, eta 257 argazki galeria sortu. Denera 2.810.739 orrialde ikusi ziren, eta erabiltzaileak milioi erditik gora, asko eta asko egunerokoak.
Lau sare telematiko kudeatzen ditu lan-taldeak, eta lauretan jarraitzaile, lagun eta harpide kopuruak goraka jarraitzen du –ikus taula–. Beharrezkoak dira irakurleak webgunera erakartzeko, baina ez ezinbesteko, zuzenean nahiz bilatzaileetatik iristen baitira gehienak gurera. Datu baikorra da hori.
Doakotasunaren borroka
Horixe aurkia. Eta ifrentzua? Euskarazko komunikabideak gizarteari euskarazko informazioa emateko sortu ziren, eta horixe da oraindik ere haien izatearen leit motiv-a. HITZAren lantaldeak argi du egiteko horrekin jarraitu behar duela, baina aldi berean argi du Goierrin duen komunitate digitalari ekarpen ekonomikoa eskatzea zilegi zaiola.
Interneta doan dela entzuten da behin eta berriro –beno, doan ez, telefonia konpainiei dirutza ordaintzen baitiegu urtean–, eta horixe da ahobiko ezpata idatzizko prentsarentzat. Albiste horien guztien, eta bideo eta argazki bilduma horien guztien atzean lantalde baten izerdia dago, eta irakurleak horretaz jabetzea premiazkoa da proiektu honek biziraun dezan. Hartu gogoan hori! Paperean nahiz digitalean, egin eta izan Hitzakide!