Gipuzkoan geratuko da aurten saria
13 bikotek hartuko dute parte 48. Euskal Herriko dantza txapelketan, guztiak gipuzkoarrak. Zazpigarren urtez, Dantza eguna antolatu dute eguna jai giroan pasatzeko.
Datorren larunbatean ospatuko da Seguran 48. Euskal Herriko dantza txapelketa. Horren harira, eta txapelketaren aurretikoak osatzeko, Dantza eguna ere antolatu dute Seguran, zazpigarren urtez. Guztira, 13 bikote lehiatuko dira aurten, guztiak gipuzkoarrak. Gainontzeko edizioetan ez bezala, Donostiako Santa Teresa komentuan aurkeztu dute gaur eguerdian txapelketa. Izarra Urdalleta, Segurako alkateak; Antton Mendizabal, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko dantza sueltoko koordinatzaileak eta Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura, lankidetza, gazteria eta kirol departamentuko diputatuak hartu dute parte ekitaldian, besteak beste. Ohi bezala, ETB1ek txapelketa osoa emitituko du, egunean bertan.
Elaia eta June Elorza (Azpeitia), Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia), Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola (Azpeitia), Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo), Mikel Artola eta Manex Elgeta (Oiartzun), Nora Aizpurua eta Iker Zabala (Azpeitia), Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara)—iazko irabazleak—, Ane Anuariz eta Mikel Esnaola (Lezo), Leire eta Iker Urrestilla (Zestoa), Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo), Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun) eta Jone Arriaran eta German Aranburu (Azpeitia) izango dira larunbateko txapelketan lehiatuko diren bikoteak.
Txapelketaren «mailari eusteko», atsedenaldian Donostiako Kresala dantza taldearen Hitaz Orhoit ikuskizunaren zati bat eskainiko da. Emanaldi honen harira, kointzidentzia bitxi bat suertatu da aurten. Izan ere, Gene Yurre dantzari eta koreografo donostiarrak Kresala dantza taldea sortu zuen 1968an. Bera izan zen, baita ere, Euskal Dantzarien Biltzarreko sortzaileetako bat 1969an. Yurre bera eta orduko Segurako alkate, Guillermo Areizaga, izan ziren era berean, Euskal Herriko dantza txapelketaren sustatzaile nagusiak 1977an. Ordutik eta 18 urtez jarraian, 1995era arte, txapelketako epaimahaikide buru izan zen Yurre. Horregatik, neurri batean, Yurreren omenezko ekitaldia ere izango da aurtengoa.
7. Dantza eguna
Baratze pilotalekuan jokatuko da txapelketa, 18:00etan hasita. Hala ere, egun osoan izango da dantza protagonista Seguran, 7. Dantza egunean. Azpilla dantza taldeak gidatuta, polka erraldoia egingo dute 12:30ean plazan; aurretik, entsegua egingo dute 12:00etan. Kresala dantza taldearen Hitaz Orhoit ikuskizunaren emanaldia izango da 13:00etan eta herri bazkaria egingo dute Erreboteko plazan, 14:00etan.
Bikote irabazlearentzat izango da aurten ere Segurako Udalaren sari nagusia, Koldobika Jauregi eskultoreak egindako garaikurra. Dantza jantzi dotoreenak ere sarituko dituzte eta Guillermo Areizaga sari berezia ere banatuko dute, txapelketara lehendabiziko aldiz aurkeztu diren bikoteen artean, besteak beste. Imanol Artola, Izaro Iraeta zaldibiarrak eta Anabel Arraizak egingo dituzte aurkezle lanak, eta Antton Fernandez urretxuarra izango da dantzan aditua.
Babesleei eskerrak emanez amaitu dute aurkezpen ekitaldia: Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra, ETB, aldundia, Irizar kooperatiba elkartea, Orkli, Ampo, Kutxabank eta Segura irratiaren lankidetza azpimarratu nahi izan dute.