‘Hitz egin dezagun gure zaintzaz’ zikloari hasiera emango diote bihar, Idiazabalen
Olaia Arana Alvarez adituak gidatuko du zikloa, lau saiotan banatuta. Bihar egingo dute lehendabiziko saioa, eta urriaren 24an eta 31n eta azaroaren 7an, hurrengoak.
Hitz egin dezagun gure zaintzaz hitzaldi zikloa eskainiko dute Idiazabalen bihartik aurrera, udalak eta Adin Etxe jubilatu elkarteak antolatuta. Olaia Arana Alvarez adituak lau saio eskainiko ditu guztira, «zainketa pertsonala eta norbanakoaren etorkizuna planifikatzea» ardatz izango dutenak. Saioak bihar hasi eta datozen hiru ostegunetan —urriak 24, 31 eta azaroak 7— gauzatuko dira; 10:00etatik 12:00etara udaletxeko areto nagusian.
Biharko saioan, Zuk jakitea nahi dut izeneko gida aurkeztuko da. Gida honen helburua «norberak bere zaintza nola irudikatzen duen hausnartu eta idatzita uztea» da. Hurrengo saioetan aurretiazko borondateen agiria, eutanasia, prebentziozko ahalorde notarialari buruzko informazioa eta laguntza eta zalantzak ebazteko dokumentuak nola bete behar diren landuko dituzte, beste gai batzuen artean.