Juan Joxe Agirre etzi omenduko dute
Beneditarren elizan, Lazkaon, ostiralean 18:00etan egingo diote omenaldia Gipuzkoako Aldundiak eta Lazkaoko Udalak eta herriak. Oroimen historikoa jasotzeko egindako lana aitortuko diote.

Juan Joxe Agirre Begiristain artxibozainak eta Lazkaoko Beneditarren komunitateko fraide eta bertako agiritegiaren zuzendariak etzi, ostirala, jasoko du herri omenaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimenera Lazkaoko Udala, Beneditarren komunitatea eta herria batu dira, eta aitortza instituzionaletik publikora eta herrikoira hedatu da.
Agirrek berak hala eskatuta, Lazkaon egingo dute omenaldi-ekitaldia, Donostian beharrean. Beneditarren elizan, etzi 18:00etan hasiko da. Herritar guztiei irekita dago, eta denei zabaldu diete errekonozimenduaren parte izateko eta ekitaldira joateko gonbita.
«Euskal Herriko memoria historikoa babesten egindako lanagatik» jasoko du omenaldia, «euskal belaunaldien historia eta kultura gordetzea ahalbidetu duten testigantzak biltzen aitzindari» izan den Agirre artxibozainaren dedikazioa aitortzeko.
Ikerketarako ezinbesteko
Mende erdiz baino gehiagoz bildutako dokumentuek, funtsek, afixek eta eranskailuek Euskal Herriaren XX. mendearen azken 40 urteen erreferentziazko gune bihurrarazi dute Lazkaoko Beneditarren Artxiboa. Ikerketa soziopolitikorako ezinbesteko kontsulta leku da. Artxiboko irakurketa-aretoko apaletan jarrita dauzkate bertan ikertzen aritutako ikertzaileek ateratako liburu, tesi, ikerlan eta dokumentuak. Artxiboari eta Agirreri dedikatutako esker hitzak dituzte gehienek, azterketa historiografian daukaten ospearen eta estimuaren seinale.
«Bere ibilbidean zehar, Agirrek lan nekaezina egin du Euskal Herriaren historian une erabakigarriak bizi izan zituzten pertsona arrunten eguneroko bizitzaren, ohituren eta kontakizunen dokumentazioan», azaldu du Lazkaoko Udalak ohar batean. Agirrek historia garaikidearekin «funtsezko konpromisoa» izan duela ere balioetsi dute erakundeek. «Lekukotasunak, gutunak, dokumentuak eta bertako historia ezagutzeko balio ezin duen artxibo baten parte diren objektuak bildu ditu».
Tolosaldeko Alegian munduratu zen Juan Joxe Agirre, 1930ean. Mutikotan sartu zen Lazkaoko Beneditarren ikastetxean; eliz ikasketak egin, fraidetza-botoak hartu eta apaiztu egin zen. Ekainaren 18an bete zituen 94 urte, eta erdiak baino gehiago Euskal Herriaren unean uneko historia biltzen igaro ditu.
Beneditarrek mutikoen ikastetxea itxi zutenean, zeregin berriei heldu beharrez, bibliotekaren ardura eman zioten Agirreri. Montserraten (Bartzelona) bibliotekonomia ikasi zuen, eta kataluniarrek beren historia jasotzeko zeukaten ardura eta metodoa ikusi.
Eguneroko inurri lan xumean jarraitzen du oraindik, artxibo bizi erraldoi bilakatu dena elikatzen, Fundazioaren aterkipean gaur egun.