Libe Mendizabalek etxean estreinatuko du ‘Funanbulistak’ antzezlana
Aktore beasaindarrak "ilusio berezia" du antzezlana bere jaioterrian estreinatuko dutelako.
Libe Mendizabal aktore beasaindarra «ilusio bereziarekin» dago, ostiral honetan bere jaioterrian aurkeztuko duelako Funanbulistak tragikomedia, Daiana Fernandez, Esther Manzana eta Aitor Navarro aktoreekin batera, Usurbe antzokian, 20:30ean hasita.
«Apurtuta dagoen familia bat. Ama bat eta haren bi alabak, Daniela eta Nekane, daude Funanbulistak antzezlanaren erdian. Bakoitzak bere beldurrak eta bere ametsak ditu. Eta hirurak, soka fin batean daude… Alabetako batek, bere ametsa bete nahi du. Aktore izan nahi du, eta nolabaiteko gurutzea bihurtzen da hori. Bizi al daiteke antzerkiaz? Eta artearen beste diziplina batzuez? Ametsak egi bihurtu al daitezke? Zer egingo zenuke zure ametsa egi bihur dadin? Galdera horiek egiten dira antzezlanean», aurreratu du Mendizabalek. «Gaur egungo gizartearen isla da; antzerkiari buruz egiten diren galdera eta solasaldiei buruz dabil jira-biran», gaineratu du aktore beasaindarrak.
Amaren papera egingo du Mendizabalek, eta nabarmendu du «pertsonaia ulertzea erronka handia» izan dela, bere izaerarekin «kontrajarria» delako. «Ikaskuntza prozesu interesgarria izan da, eta gustagarria izan da pertsonaia sortzeko eta testuak moldatzeko izan dugun askatasuna». Funanbulistak antzezlana Beasainen estreinatuko denez, Goierriri eta bertako euskarari keinuak egingo dizkiote.
Ostiraleko emanaldia helduentzat eta gazteentzat zuzenduta dago. Ordu eta laurdeneko iraupena du.
Sarrerak Usurbe Antzokiaren webgunean eskuragarri daude edo leihatilan eros daitezke.