Futbol inklusiboko topaketa egingo dute igandean Argixaon
Helburua desgaitasuna duten haur eta gazteei futbolean jokatzeko aukera ematea da
Gipuzkoako Federazioak, Urolarekin elkarlanean, futbol inklusiboko topaketa antolatu du desgaitasuna duten haur eta gazteei futbola praktikatzeko espazio bat emateko. Igandean izango da, 12:00etan, Argixaoko Luis Urdangarin zelaian. Urolako haur mailako jokalariek parte hartuko dute, besteak beste.
Duela hiruzpalau urte egin zen lehenbiziko topaketa, eta orduz geroztik 30 bat herritan burutu da. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa honen bidez, federazioak futbolaren inguruko begirada zabaldu nahi du, baita elkarbizitza balioak sustatu ere. Era berean, behar bereziak dituzten pertsonei kirola egiteko aukerak erraztea du xede.
Etorkizunera begira, behar bereziak dituzten pertsonentzako espazio bat sortu nahi du federazioak, horiek futbol egokitu edo inklusiboan modu egonkorrean parte hartu dezaten. Gipuzkoako futbol klub ugari ditu bidelagun programak, Urola tartean. Hala, Argixaoko topaketan harrobiko hainbat gaztek parte hartuko dute.
“Ondo pasatzea eta balioak lantzea nahi dugu, eta horretarako, garrantzitsua da inklusioa lantzea”, diote Federaziotik. “Behar bereziak dituzten pertsonek eskubidea dute kirola praktikatzeko, eta askotan horrelako ekitaldiak falta izaten dira. Normalean ez dute kirola praktikatzeko aukera handirik izaten, eta horregatik, sarri gizartetik at gelditzen dira. Gizartea kontzientziatu behar dugu, eta horrelako ekitaldiak garrantzitsuak dira horretarako”. Manu Diaz presidentearen hitzetan, “futbolak Gipuzkoako gizartean duen eragina baliatu behar da horrelako egitasmoak aurrera eramateko”.
Topaketan desgaitasuna duten eta ez duten haur eta gazte guztiek parte hartu dezakete (8 urtetik gorakoek). Topaketan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da. Horretarako, futbolegokitua@gipuzkoafutbola.eus helbidera idatzi behar da edota 747 426 823 telefonora deitu. Urolak haur eta gazte guztiak parte hartzera animatu ditu eta gainontzeko herritar guztiak Argixaora gerturatzera.