Tamaina txikiko hondakinak jasotzeko Minigarbigunea jarri dute
Mankomunitateko udalerrietan horrelako 28 jartzeko kontratua esleitu berri du Sasietak.
Sasieta Mankomunitateak 28 Minigarbigune finko jartzeko kontratua esleitu berri du. Birziklatzeko tamaina txikiko hondakin desberdinak jasotzeko azpiegitura berriak mankomunitatea osatzen duten udalerri guztietan jarri nahi dituzte, 2025eko otsaila eta martxoa bitartean. Momentuz, Beasainen, tren geltokitik gertu, Iztueta esnekien makinaren ondoan ipini dute. Helburua funtzionamendua egiaztatzea da, datozen hilabeteetan fabrikatzen hasiko diren unitateetan hobekuntzak egiteko.
Minigarbiguneen helburu nagusia da herritarrei etxetik gertu hondakin txiki eta ertain jakin batzuk entregatzeko aukera ematea, izan ere hondakin horientzako gaur egun ez baitago ezarrita hurbiltasuneko bilketa bereizirik. Hondakin horiek mankomunitateak kudeatzen dituen hiru garbiguneetan onargarriak badira ere, batzuetan birziklatu ezin den errefusarekin nahastuta amaitzen dute, agian bolumen txikia dutelako eta instalazio horietara eraman behar izatea deserosoa delako. Horrelakoetan, hondakin horiek ezin dira berrerabili edo birziklatu.
Hondakin taldeak
Zazpi hondakin talde bota ahal izango dira Minigarbigunera: Aparatu elektronikoak eta elektrikoak (ile-lehorgailuak, lurrun-plantxak, bizarra mozteko makinak,…); informatika eta telekomunikazioak (teklatuak, saguak, etxeko telefonoak, haririk gabeko telefonoak,…); metalezko hondakin txikiak, ontziak izan ezik (eltzeak eta kazolak, zartaginak, metalezko mahai-tresnak,…); plastikozko hondakin txikiak, ontziak izan ezik (esekitokiak, tapizak, sukaldeko kuboak, loreontziak,…); tinta eta toner kartutxoak; erradiografiak; eta bonbillak eta hodi fluoreszenteak.
Hondakin talde bakoitzak, bere karga-ahoa izango du, eta bakoitzean zer bota ondo zehaztuta dago irudian.