«Niretzako egin dudan denboraldirik onena izan da»
Denboraldia amaitzearekin batera, etapa bat itxi du Movistarren Ezkioko txirrindulariak beste berri bati hasiera emateko Frantziako Cofidis taldean.
Ezkioko herritarrek ongi etorria egingo diote bihar Alex Aranburu (Ezkio, 1995) txirrindulariari. Aurtengo denboraldia amaitu berritan, Cofidis talde frantziarrarekin etapa berri bat hastear da ezkiotarra. Hasieran, berriak «sorpresaz» harrapatu bazuen ere, «gustura eta gogotsu» dago herritarrek antolatutako ongi etorri dela eta. Andorratik zuzenean joango da Ezkiora.
Bihar ongi etorria egingo dizute jaioterrian. Horrela itzuli daiteke etxera, ala?
Gustura itzultzen naiz beti etxera, baina, gainera herritarrek horrelako egun bat antolatu behar dutela jakitea polita da oso. Lagunak ari dira dena antolatzen eta egia esan, gogotsu nago.
Andorratik zatoz Ezkiora. Noiz izan zara azkenekoez etxean?
Orain gutxi, aurreko astean izan nintzen. Denboraldia amaitu eta astebururen bat libre dugunetan, ahal dugun guztietan itzultzen gara etxea bikotea eta biok.
Zer pentsatu zenuen herrian ongi etorria prestatzen ari zirela jakin zenuenean?
Hasiera batean ez zidaten esan nahi, sorpresa eman nahi zidaten, baina data finkatu ahal izateko, azkenean, aurrez esan zidaten. Sorpresaz harrapatu ninduten, hala ere. Oso polita da, gogotsu nago, jende asko egongo da, lagunak asko. Ezkioko ume askori ere ilusioa egingo die nirekin bizikletan ibiltzeak. Ea eguraldiak laguntzen digun.
«Oso polita da [ongi etorriarena], gogotsu nago, jende asko egongo da, lagunak asko»
Italiako Gran Piemonte izan da denboraldiko azken lasterketa, orain gutxi, eta nolabait baita etapa baten amaiera ere. Nola baloratuko zenuke denboraldi hau?
Niretzako egin dudan denboraldi onena izan da. Iaz bezala ondo amaitu dut; iaz hirugarren egin nuen Piemonten, aurten ere bai. Denboraldi guztian zehar oso ondo sentitu naiz, iaz ere bai, baina aurten iaz iritsi ez zitzaizkidan garaipenak iritsi zaizkit, eta oso gustura nago. Bestalde, Movistarrekin hiru urte polit izan dira. Gorabeherak ere egon dira noski, une txarrak ere bai… baina, etapa bat amaitzen denean onarekin bakarrik gogoratzen zara. Pena pixka bat ere ematen dit. Etxean bezala sentitu naiz, lagun asko egin ditut bertan.
Zeintzuk izan dira lorpenik garrantzitsuenak?
Ez dakit… hori bai, beti akordatzen naiz Euskal Herriko Itzulian irabazi nuen etapaz. Espainiako txapelketa ere garrantzitsua izan da, ia hiru urte neramatzan hirugarren eginez eta banuen arantza hori kentzeko gogoa. Urtez urte, pixkanaka hobetzen joateko helburua daukat eta uste dut banoala, esperientzia irabazten noan heinean, helburu horietara gerturatzen.
Eta unerik gazienak?
Asko izaten dira. Aurten, adibidez, Mallorcako erorikoa. Negu guztia entrenatzen, prestatzen pasa eta gero, bigarren lasterketan erori eta lepauztaia hautsi nuen. Azkenean, neguan egindako lan guztia alferrikakoa izan zen, zerotik hasi behar duzu berriro, eta horrelako momentuetan zer pentsatua ematen dizu.
«Cofidisera joateko arrazoi nagusietako bat izan zen Ion eta Gorka Izagirre han egotea»
Cofidisekin etapa berri bat hasiko duzu. Gustura?
Ezberdina izango da, beste hizkuntza bat, jende ezberdina… baina gustura nago. Aurpegi ezagunak ere egongo dira: Movistarretik nirekin doan Samitier, Errada eta Lastra ere ezagunak ditut, bi zuzendari euskaldun ere badaude… Dena den, erabakia hartzeko arrazoi nagusietako bat izan zen Ion eta Gorka Izagirre han egotea. Taldean lagunak izateak asko balio du.
Ionek jarraituko du, baina Gorkak txirrindularitza utziko duela jakinarazi du orain gutxi.
Halakoa da bizikletaren mundua, urte gutxi batzuetarako gaude hemen. Uzteko erabakia hartu du eta errespetatu beharra dago. Denoi gustatuko litzaiguke berak egin duen ibilbidea egin ahal izatea. Haurra nintzenetik erreferente izan ditut biak, egia esan oso eskertuta nago bai batari, zein besteari.