Gerrikon 'Hitz&Musik' zikloa Gurutz Bikuña musikari ataundarraren elkarrizketarekin hasiko da, urriaren 22an
Hiru musikari goren gonbidatuko dituzte udazken honetan Lazkaora. Roberto Moso bizkaitarra azaroan eta 'Mursego' gipuzkoarra abenduan izango dira.
Lazkaoko Gerriko elkarteak Hitz&Musik musikarien elkarrizketa eta saio akustiko laburren beste denboraldi bat aurkeztu du, gaur goizean. Euskal Herri mailan ibilbide eta izen handiko hiru musikari gonbidatuko dituzte. Urriaren 22an, azaroaren 12an eta abenduaren 12an dira saioak, denak 18:30ean hasita, Gerriko Txokoan.
Gurutz Bikuña ataundarrak irekiko du egitaraua, datorren asteartean (urriak 22). Gitarra jotzailea, “isil-isilik egundoko ibilbidea” egin duela azaldu du Hitz&Musik ekimenean elkarrizketatzaile ariko den Aitor Artza musikazaleak. “1960ko hamarkadan jaioa, The Rolling Stones, Beatles, Obrigade eta antzeko taldeak jarraituz sartu zen musikan. Gitarra jotzaile aparta da, musika ogibide bihurtu duena”.
Benito Lertxundirekin 30 urtean dabil Bikuña, eta Rock Erradikaletik aparteko taldeetan hasi zen, Ancha es Castilla goierritarrean, esate baterako. Gaur egun, Belarra edo Unidad Alavesa taldeetan jotzen du . “Berak maite duen musika egin du beti. Esateko asko du, eta halako aitorpen bat ere merezi du Goierriko kultur eragileen partetik”, erantsi du Artzak.
Elkarrizketa pertsonala eta musika-ibilbideari buruzkoa egingo dute, lehenbizi. Saioa bukatzeko, kantaldi akustiko labur bat eskainiko dute, bai Gurutz Bikuñak berak jota, bai bere lagun eta kide batzuek lagunduta, Haritz Artola edota Jordi, kasu.
Roberto Moso eta Mursego
Azaroaren 12an, Roberto Moso (Santurtzi, Bizkaia, 1960) gonbidatuko dute Hitz&Musikera. Zarama taldeko abeslaria, 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen Bilbo ezkerraldean pop, rock eta punk estiloak euskaraz lantzen. Lazkaon ere izan ziren, hasierako urte haietan; Maizpide euskaltegiak antolatutako kontzertu batean, San Prudentzio eskolan jo zuen Zaramak.
Mosoren eta Zaramaren eragina begibistakoa da euskal musikan. “Gaur egungo mugimenduan ere, Tatxers eta halako taldeek asko edan dute haiengandik. Aitorpena merezi dute. Moso, gainera, jubilatu zenetik hasi da gitarra ikasten, ez baitzekien jotzen”, aurreratu du Artzak. Solasaldiaren ondorengo musika saioan Eneko Dorronsoro eta Gurutz Bikuña ataundarrak izango ditu laguntzaile Mosok.
Azkenik, aurtengo zikloa ixteko, Maite Arroitajauregi Mursego eibartarra etorriko da Gerrikora, abenduaren 12an, Lazkaoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azoka hasi bezperan. Musika sortzaile “ikaragarria” dela aipatu dute antolatzaileek. “Bere lanak ospea eta errekonozimendua izaten ari dira, sari asko biltzen ari baita. Lisabo edo Napoka Hiria taldeetako kide, edo Anarirekin eta Kashbadekin kolaboratzaile ibili da. Esateko asko dauka Mursegok ere, ibilbide luzea baitu”.
Zinemagintzan murgilduta dabil aspaldian Mursego, musikaren bitartez beti ere. Irati eta Akelarre filmetako soinu bandak berak konposatuak dira; Espainiako Zinemaren Goya Sarietan izendatuta egon zen iaz lehenengoarekin, eta duela hiru Goya saria lortu zuen bigarrenarekin.
2016tik musikariak gertutik ezagutzen
Gerriko elkarteak 2016an sortu zuen Hitz&Musik zikloa. Batzordean zeuden “musikazale amorratuen” interesei bide emanez, elkarrizketa eta saio akustiko laburraren formatua ideiatu zuten, kultur elkarteko ordezkari Joxepa Madariagak azaldu duenez. “Formatu interesgarria da, aurretik beti hitza duena. Musikariak banaka gonbidatzen ditugu, mingainetik tira egin eta eurak hizketan jartzeko. Gureak denak esperimentuak dira hasieran; oso positiboki baloratu genuen Hitz&Musik, guretzat gustagarria delako, musikariak oso gustura egoten direlako, eta jendeak ere ondo erantzuten duelako, ia beti soziedadea betez”. Jarraitzekotan dira, horrenbestez.
Mikel Arizkorreta Gerriko elkarteko bazkideak, ekimenaren atzean “lan asko” dagoela aitortu du. “Harro egoteko kartela dugu aurten ere. Lan asko egiten da: musikariak erabaki, elkarrizketak prestatu, zer eta nola galdetu pentsatu… Ondoren afaria egiten dugu haiekin, eta oso entretenigarriak suertatzen dira. Estilo ezberdinetako musikariak ekartzen ditugunez, elkartera ere estilo ugaritako jendea etortzen da”. Udazken honetako saioetara ere joateko gonbidapena egin du Arizkorretak, “saio politak eta interesgarriak izango direlako”.
Lan horretan jartzen den “mimoa” goraipatu du Madariagak. “Gurutz Bikuñaren kasuan, bertakoak ezagutzeko tartea eskaintzeak ere badu bere balioa”. Antolatzaileak gogobetetzeko ezezik, publiko orokorrarentzat ere badirela gogoratu du. “Musikarientzat gogorra da, askotan, hitz egitea. Kontzertu batera joatea baino gogorragoa. Oso urduri etortzen dira, baina ondoren eskertuta eta satisfazio handiarekin gelditzen dira. Hitz&Musik bidea egiten ari da, eta aurrera jarraituko du”.
Musikarien barne sentimenduak, bizitza pertsonaleko mugarri garrantzitsuak edo musika arloko iritziak eta gustuak plazaratzeko, atzean “antropologia lan bat” dagoela azaldu du Aitor Artzak. “Elkarrizketak prestatzeko sakonera jo behar izaten da, eta guri ere sorpresak ematen dizkigute sarritan. Ez zaigu zaila suertatzen, nahi gabekoa ere bada, bizi osoa daramagulako musikaren munduan, eta askotan nahi gabe ere interesatzen zaizkigulako. Lana da, baina ez karga. Gozatzen lehenak gu gara, eta gustura egiten dugu”.
Elkarrizketatuei euren erreferentziazko musikariak galdetzen dizkiete aurretik, eta hiru disko gogokoenak ekartzen dituzte, solasaldiaren tarteetan jartzeko. Argazkiekin eta irudiekin muntaiak egin eta pantailan jartzen dituzte. Hitz&Musiken formatua beste leku batzuetan ere hartu dutela argitu dute.