IRITZIA. Elkarlana eta komunitatea ardatz
Goierritarra Kultur Elkartea, Zintzo-Mintzo Kultur Elkartea, Goierriko eragile ezberdinak biltzen dituen Goierriko Berriak Kultur Elkartea eta Berria Taldeko Bertako Hedabideak izan ziren GOIERRIKO HITZAren proiektuaren bultzatzaileak orain hogei urte. Gaur-gaurkoz, eskaintza informatibo erakargarria eta osatua eskaintzeaz gain, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da datozen urteetako erronka nagusia.
Hogei urte pasa dira eguneroko tokiko informazioa euskaraz jorratzeko beharrari erantzuteko GOIERRIKO HITZA sortu genuenetik. Elkarlanean sortu eta garatutako proiektua da: Goierritarra Kultur Elkartea, Zintzo-Mintzo Kultur Elkartea, Goierriko eragile ezberdinak biltzen dituen Goierriko Berriak Kultur Elkartea eta Berria Taldeko Bertako Hedabideak izan ziren proiektuaren bultzatzaileak. Abiatu zenean egitasmoak bazuen oinarri sendo bat, Goierritarra eta Otamotz aldizkariek aurretik egindako lana. Tokiko informazioa egunero euskaraz irakurri ahal izateko jauzi bat izan zen GOIERRIKO HITZAren sorrera.
Hogei urteko ibilbide oparoa egin du GOIERRIKO HITZAk. Bertan aritu diren langileak eta inguruan sortutako komunitateak (harpidedunak, iragarleak, erakundeak….) ekarri dute proiektua honaino. Gainontzeko euskarazko medioen moduan, gorabeherak izan ditu Goierriko Hitzak 20 urte hauetan, baina esan dezakegu herritarrak oraindik baduela tokiko informazio goserik eta horri erantzun behar diola HITZAk datozen urteetan.
«Tokiko informazioa egunero euskaraz irakurri ahal izateko jauzi bat izan zen GOIERRIKO HITZAren sorrera»
Joerak antzeman. Paperean oinarritutako proiektua izan zen hastapenean GOIERRIKO HITZA, atariko periodikoa. Egunerokoa sortu eta urtebetera, 2005ean, sortu zen webgunea egunkariaren edizio digital moduan. Bilakaera etengabea izan da urte hauetan guztietan, eta areagotu egin da azken urteetan: gizartea gero eta digitalagoa denez, osatu egin behar izan du bere eskaintza GOIERRIKO HITZAk.
Inoiz baino irakurle gehiago ditu GOIERRIKO HITZAk. Papereko egunkariak, CIES etxearen neurketaren arabera, 12.000 irakurle ditu egunero. Gure hiru webguneek (goierri.hitza.eus, otamotz.eus eta goiberri.eus) hiru milioi bisitari inguru izan zituzten 2023. urtean. Gero eta gehiago dira gure edukietara gailu digitalen bidez, batez ere telefonoa, heltzen diren irakurleak. Bide berri bat zabaldu da azken urteetan irakurle berriak GOIERRIKO HITZAra ekartzeko, beti ere paperean ditugun irakurle fidelak ahaztu gabe.
Bideragarritasun ekonomikoa. Eskaintza informatibo erakargarria eta osatua eskaintzeaz gain, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da datozen urteetako erronka nagusia. Kontsumo eredua aldatu egin da eta sareetatik datoz kontsumitzaile berriak. Inoiz baino irakurle gehiago ditu GOIERRIKO HITZAk, baina papereko ohiko sarrerak (harpidetzak eta publizitatea, adibidez), apaltzen ari dira. Horri aurre egiteko GOIERRIKO HITZAren inguruan dugun komunitatea da gure indargunea. Egunero gurean informatzen diren kontsumitzaileak proiektuaren babesle bilakatzea da gure erronka, HITZAkideen komunitatea indartzea, guztion artean proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea.
«Eskaintza informatibo erakargarria eta osatua eskaintzeaz gain, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da datozen urteetako erronka nagusia»
Hala ere gauza jakina da euskarazko komunikabideak ez direla errentagarriak. Ataka honetan, ezinbestekoa da erakundeek, proiektua babesten jarraitzea. Eredu berriek, inbertsio berriak eskatzen dituzte eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa da guztion laguntza.
Elkarlanaren indarra. Eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatu zen GOIERRIKO HITZA orain 20 urte. Argi daukagu elkarlanean jarraitu behar dugula eta elkarlan hori indartu eta hedatu behar dugula eskualdeko komunikabide guztietara. Euskarazko komunikabideak indartzea funtsezkoa da EUSKARAren normalizazioa lortzeko bidean.
Laida Begiristain Apaolatza, Marian Toledo Kortabarria eta Mikel Arrieta Garmendia. Goierriko Hedabideak-eko administrazio kontseiluko kideak