Omenaldi beroa jaso du Juan Joxe Agirrek
Euskal Herriko historia idazteko ezinbesteko lana egin duela aitortu diote Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lazkaoko Udalak eta Goierriko zein Lazkaoko gizarteak. Dokumentazio bilketan jarraipena segurtatuta dagoela eta, lana bete izanaren sinesmenarekin hartu du Agirrrek errekonozimendua, Beneditarren eliza betean.
Egun handia izan zen atzokoa Juan Joxe Agirre Begiristainentzat (Alegia, 1930). Fraide beneditarrak omenaldi eta aitortza beroa jaso zituen, Beneditarren Santa Teresa elizan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak prestatutako omenaldiarekin, ia 50 urtean Beneditarren Artxibo Historikoan garatu duen funtzioa eta lana goretsi, errekonozitu eta eskertu diote.
Kanpoan harrera egin zien Agirrek Eider Mendoza diputatu nagusiari, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari eta Kepa Zubiarrain alkateari. Oin Arin taldeko nesken dantza bat ikusi, eta Garikoitz Mendizabal txistularia aurretik zutela sartu ziren elizara, okasiorako mimoz atondua, argikuntza, audio eta ikus-entzunezko baliabideekin. Ohorezko lekuan, aurreko ezkerreko bankuan eseri zen Agirre, Mendozaren eta Tejeriaren erdian; alkatea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde berri Aitor Aldasoro beasaindarra eseri ziren haiekin.
Kultura, politika eta gizarteko ordezkari ugari bertararatu ziren omenaldira. Han ziren Mari Carmen Garmendia Kultura sailburu ohi ormaiztegiarra eta 1980an irakasletzako doktoretza prestatzeko “Aita Juan Joxeren euskal gaien liburutegira” ikertzera joan zena; “etxe hartan egiten zuena hotza” aipatu zuen bere hitzaldian, zapatu arratsaldeetan hilabetetan joan baitzen, Agirrerekin laguntasuna onduz. Felix Urkola diputatua, Markel Olano diputatu nagusi ohia, Ataungo eta Segurako alkate Martin Aramendi eta Izarra Urdalleta, Joseba Egibar EAJren buruzagia, Lazkaoko zinegotzi eta alkate ohi ugari, Francisco Etxeberria auzitegi-mediku eta oroimen historikoan aditu beasaindarra, eta Agirren sendiko ordezkaritza zabala izan zen, besteak beste.
Eskuineko lehen bankuan, Agirrek gaur egun artxiboan lankide dituen Miren Barandiaran, Etxahun Galparsoro eta Ismene Retozala historialari teknikariak zeuden, fraidearen komunitateko bi kiderekin batera: Aita Rufino priorea eta Aita Secundiino. Oihana Sarasola kazetari lazkaotarrak aurkeztu zuen ekitaldia, ia bi ordu iraun zuena. Etenik gabeko esker hitzak eta hitzaldiak entzun zituen Agirrek. Aurrena, bertsotan adierazi zioten herriaren eskertza Aizpea Garmendiak eta Felipe Altunak. Koadro bat oparitu zioten, eguneko lehen oroigarria.
Bideo batean errepasatu zituzten Agirreren ingurukoek eta harekin lan egindakoek artxibozainaren dohainak. Aita Rufino Mujikak, Mari Carmen Garmendiak, Miren Barandiaran lankideak, Francisco Etxeberriak eta Kepa Zubiarrain alkateak hitz egin zuten bideoan. Ondoren, Kantaka abesbatzaren abestiekin, Oin Arineko dantzarien piezekin eta Garikoitz Mendizabal zein Aitor Furundarena musikarien joaldiekin tartekatuta, agintarien hitzaldiak izan ziren. Zubiarrain alkatea, Mari Carmen Garmendia sailburu ohia eta ekitaldiari bukaera emateko Eider Mendoza diputatu nagusia igo ziren atrilera. Mendozak eman zion Juan Joxe Agirreri omenaldiko oroigarria, argizaiola irudikatzen duen zurezko eskultura bat.
Juan Joxe Agirreren hitzaldia
“Arratsalde on. Zer esango dut ba? Eskerrik asko. Ez daukat beste ezer esateko, esker oneko hitzak besterik ez. Eskerrik asko. Testu txiki bat ekarri dut idatzita, ezer ez ahazteko, bestela luzeegi joango nintzateke.
Eskerrik asko Aldundiari, nola ez, aitortza honengatik. Benetan eskertuta nago. Zuei ere bai, eskerrik asko, gaur hemen nirekin egoteagatik. Zenbat aurpegi ezagun! [Gaztelaniaz segitu du] Zenbat jende ezagun. Batzuk, gainera, oso urrutitik etorri zarete. Oso pozik nago hemen zaudetelako. [Euskaraz jarraitu du] Poz handia da zuek ere gure etxean ikustea.
Niri egin didazue aitortza hau, ni hasi nintzelako eta ni egin naizelako ezaguna. Baina urte hauetan ni ez naiz bakarrik egon, jende asko egon da nire ondoan. Bai, jende asko. Beneditar komunitatean, gure lema da ‘Ora et labora’, otoitza eta lana, eta ni horren parte izan naiz. Komunitatearen langile bat izan naiz, esan dezagun. Komunitateak ireki zidan bidea bibliotekan hasteko, eta haiek babestu naute beti, itsu-itsuan, zer gordetzen nuen jakin ere egin gabe askotan. Liburuak, aldizkariak, paperak, artxiboak –bai, artxiboak–, eta abar, nire esku utzi dituztenak. Materialak biltzen lagundu didatenak; batzuk hemen zaudete. Aipatu nahi nuke bat, Joxe Angel Gaintza, Bizkaian niretzat lan egiten duena. Beste batzuk ezagutu ere ez ditut egiten, baina gauzak eman dizkidate, niretzat bildu dute eta oraindik ere biltzen dute. Eta segi biltzen!
Diruz lagundu didatenak ere gogoratu nahi nituzke. Nik ez dut inoiz dirurik izan. Eta haiei eskerrak estanteriak, kaxak… erosi ahal izan nituen garai batean, eta, gero, laguntzaileak eduki ere bai. Aldundia, nola ez; jaurlaritza, Lazkaoko Udala, Goierriko udalak, Orkli kooperatiba ere aipatu nahi dut. Lazkaotarrak ere bai, haien babesa sentitu dut beti, asko maite izan naute. Nire familiakorak ere bai, haiengandik ere oso babestua sentitu naiz eta.
Eta, batez ere, nirekin lanean aritu direnak aipatu nahi ditut; garai batekoak, 1980ko hamarkadan bekadun moduan nirekin lan egin zutenak. Zenbat ikasi genuen elkarrekin! Eta oraingoak, oraingo nire ekipoa: Miren Barandiaran, Ismene Retolaza, Etxahun Galparsoro. Langile onak, ekipo oso ona! Beti hobetzen, nik hasitako lan hau handitzen. Nire ekipoa ari da orain buru-belarri lanean, eta haiei esker izango du segida nik hasitako lanak, eta oso pozik nago.
Beraz, aitortza hau aipatutako guztientzat ere bada. Ezaguna ni naiz, baina nire atzetik jende asko dago, eta egon da. Eta, beraz, meritua ez da nirea bakarrik. Nik, meritua izatekotan, honako hau aipatuko nuke: inportantzia ematen niola paper txikienari ere, inportantzia ematen ez zitzaionean. Horiek biltzen hasi nintzen, eta gero beste batzuek ere kontzientzia hori hartu zutela eta biltzeari ekin ziotela kalean azaltzen ziren papertxoak, pegatinak, kartelak, mota guztietako aldizkariak, barne buletinak, alde batekoak eta bestekoak… Hainbeste dira! Bildu eta bildu, nahiz eta denen gustukoak ez izan. Bai Hegoaldean, bai Iparraldean, eta horri eskerrak gauza batzuk behintzat salbatu egin ditugula, horixe, beharbada, nire meritua.
Baina, kako tartean, hemen hau ere esan nahi dut: aldizkari bat aipatu nahi nuke. Asko kostatu zitzaidan hori osatzea, urteak pasa ditut. Badira hau baino inportanteagoak, baina hainbeste lan egin nuen horren atzetik, eta azkenean dena osatu dut. Jakin dezazuen zein aldizkari den, bitxia da: Eusko Deia. Hamasei baino gehiago ditut izen horrekin, bai Parisen, bai Iparraldean, Ipar Ameriketan eta Hego Ameriketan ateratzen ziren ziren izen horrekin. Baina hau, Eusko Deia, organo de la resistencia vasca en un lugar bajo la tirania franquista. 1945etik 1948ra atera zuten, denak foileto txikiak, 12 eta 14 zentimetrokoak. Zortzi zenbaki dira, paper fin-finean, erretzeko papera esaten genuenean, ezkutuan eramateko. Ederrak.
Gauza asko kontatuko nituzke, baina ez naiz hasiko, ez nuke bukatuko bestela. Orain, ez dut sekula ahaztuko behin Joxe Migel Barandiaranek esan zidana. Eraikin berri hau oraindik egiteko zegoen, eta han goian Euskal Bibliotekan zer esan zidan, Ataungo hizkeran noski: “Kontxo, kontxo, lan handia egin duzu. Izugarria, zure lana. Egunen batean, norbaitek eskertuko zaitu!”. Bada, iritsi da egun hau, eta hemen eskaintza hori, handikiro gainera. Eta eskerrik asko!”.