Alaia Martin eta Aitor Mendiluze aritu dira bertsotan Jainkoneko bertso-saioan
"Marianito ordua" Alaia Martinen eta Aitor Mendiluzeren bertsoekin girotu dute Olaso tabernako terrazan, Jainkoneko bertso-saioan, mahai gainetik eta eguzkipetik.
Legorretan badute bertsoetarako formatu berezi bat. Bi mahai elkartuta egindako oholtza da hau; hala egiten da urtero-urtero Jainkoneko bertso-saioa, mahai gainetik eta gai librean. Bertso-saio hau “Jainkoa”-ren, hau da, Jexux Eskisabelen eta haren familiaren omenez egiten da.
Eguerdiko eguzkiaren azpian, ordubata pasatxo hasi da saioa, publikoari lehen agurra eginez eta “marianito ordua” goxatzera datozela esanez. Aurrean zutenaz eta beste zenbait gaiez aritu dira bertsotan, ordubeteko saioa osatu arte. Jende ugari bertaratu da gaurkoan bertso-saioa entzutera eta eguzkiaren epeletan egon dira Olaso taberna parean eserita.
Horrez gain, Olaso tabernan mondejua eta haragi egosia dastatzeko aukera izan dute bertso-saio bitartean.