IRITZIA. Iragarleen ufadak bultzatzen du belaontzia
Goierrik, zorionez, ekonomia sare indartsua du, elkarlana bilatzen duena, bertakoa babesten duena eta euskara sustatzen duena. Esan daiteke gure hedabideetan argitaratzen dena eskualdearen nolabaiteko isla ere badela; publizitatea egiten duten iragarleek, bakoitzak beren motibazioekin, bat egiten dute balio horiekin guztiekin.
Goierriko Hedabideen oinarri nagusienetakoa dira idatzizko prentsan GOIERRIKO HITZANn eta Goiberri-n, eta sarean otamotz.eus, goierri.hitza.eus eta goiberri.eus webguneetan iragartzen diren bezero komertzialak.
Erakunde publikoetatik hasita (udalak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia), eskualdean dauden enpresa nahiz kooperatiba multinazionalak, lokalagoak direnak baino era berean eskualdera aberastasuna eta lana ekartzen dutenak, garapen agentziak, negozio familiarrak, autonomoak eta herrietako komertzioak eta horiek dinamizatzen dituzten merkatari elkarteak dira ekosistema aberats hau osatzen dutenak.
Goierrik, zorionez, ekonomia sare indartsua du, elkarlana bilatzen duena, bertakoa babesten duena eta euskara sustatzen duena. Esan daiteke gure hedabideetan argitaratzen dena eskualdearen nolabaiteko isla ere badela; publizitatea egiten duten iragarleek, bakoitzak beren motibazioekin, bat egiten dute balio horiekin guztiekin.
Askotarikoak izan daitezke eskualdeko euskarazko prentsan iragartzeko arrazoiak: ezagutzera ematea, gehiago saltzea, marka irudia sustatzea, zerbaiten berri ematea, proiektuari laguntza ematea, komertzialak bakean utz dezan lortzea… Edozein delarik ere gure eskerrik beroena eman nahi diegu, denei.
Duela 20 urtetik hona urtero publizitatea egin izan duten iragarleek aipamen berezia merezi dute, eta horien artean goraipatzekoak dira herrietako komertzioak eta enpresa txikiak; sekulako altxorra dira bai GOIERRIKO HITZArentzat, eta baita eskualdearentzat berarentzat ere.
Tokian tokiko komertzioetan erostea funtsezkoa da herriak bizirik mantentzeko. Bertako denda txikiek Goierriko 23 herrietako ekonomia sustatzen dute, lanpostuak sortzen dituzte, eta gertuko zerbitzua eskaintzen dute. Gainera, saltoki horiek bertako produktuak eta nortasuna babesten laguntzen dute, komunitatea indartuz. Kanpoan erosten dugunean, dirua eta baliabideak herritik ateratzen dira, eta ondorioz, herriko merkataritza ahultzen da. Tokiko komertzioetan erosiz, gure herrien etorkizuna babesten dugu, bizitza, kultura eta hurbiltasuna indartuz.
Jarraituko dugu aurrerantzean ere eskualdeko ekonomia sarean publizitate bidezko babesa bilatzen, ahal dugun modurik egokienean, errespetuz eta publizitatea egiten duenari ahalik eta zerbitzurik onena ematen, egiten duen inbertsioak lagundu diezaion berari ere bere helburuak erdiesten.
Laster izango gara publizitate proposamen berriren batekin…
Eskerrik asko.