ELKARRIZKETA. «Eskualdean euskarazko egunkari bat izatea asko baloratzen dugu»
Ordiziako Mujika liburu dendako semea da Ekain Mendizabal. GOIERRIKO HITZAren hasiera-hasieratik laguntzaile eta iragarle izan dira. Familia guztia dira Hitzakideak, eta inguruko ekintzen berri euskaraz jasotzeko informazio iturri baliagarria iruditzen zaio.
Zergatik babestu GOIERRIKO HITZA?
Euskararen aldeko aldarria egiten duen edozer gauza babestea oso garrantzitsua iruditzen zaigulako. GOIERRIKO HITZA, Berria-rekin batera, euskaraz soilik egiten den egunkari bat da eta hori baloratu eta zaindu egin beharko genuke.
Zer da GOIERRIKO HITZAtik gehien gustatzen edo baloratzen duzuena?
Bertakotasuna, bertako berriak izatea. Goierriko eskualdean ekintza ugari egiten dira eta horien berri ematen duen egunkari bat izatea asko baloratzen dugu.
Denda bezala GOIERRIKO HITZA babesteaz gain, zuek, langileok, harpidedunak al zarete?
Bai, familia guztia gara Hitzakideak. Herritar bezala, euskarazko informazio iturri baliagarria zaigu inguruko ekintzen berri izateko.
20 urteetan asko aldatu al da zuen sektorea?
Bai, erosteko modua asko aldatu da. Gaur egun areagotu egin da digitalki irakurtzeko ohitura eta liburuak saltzeko garaian nabarmena da hori. Gure kasuan, liburuez aparte, paper denda bezala ere funtzionatzen dugu, aldizkariak eta eskolako materialak salduz. Ikasturte hasierako egunetan gorakada nabarmena izaten dugu.
Jendeak zer irakurtzen du?
Egunkariak beherakadan doazela iruditzen zait orokorrean, paperezko formatuan behintzat. Liburuei dagokionez, gure dendan eleberriak dira gehien saltzen direnak, bai gazte eta helduen kasuan.
Irakurtzeko ohitura ba al dago gaur egun? Eta euskaraz?
Bai, jarraitzen du jendeak irakurtzen, gazteen kasuan askotan eskolatik behartuta bada ere. Hala ere, esango nuke heldu zein gazteek euskaraz irakurtzeko ohitura badutela gaur egun. Gainera, geroz eta aukera handiagoa dagoenez, bakoitzak bere gustuko liburua aurkitzea errazagoa da.
Hemendik beste 20 urtera zer gertatuko dela uste duzu?
Zaila da esatea, baina digitalizaziorako joera geroz eta nabarmenagoa dela ziurra da behintzat.