Agirre Montegiren ia ehun argazki erakutsiko ditu Burdinolak
Jatorri legazpiarreko argazkilariaren lanen aukeraketa bat da. Gorka Salmeron ari da argazkilari hori ikertzen eta bere lana berreskuratzen. Kultur Etxean egongo da ikusgai erakusketa, ostiraletik aurrera.
Ignacio Agirre Montegi argazkilariaren ia ehun lanekin osatutako erakusketa jarriko du ikusgai ostiralean Burdinola elkarteak, Legazpiko Kultur Etxean. Essaouiratik Rhineraino du izenburua bildumak, eta 1900 eta 1912 artean egindako argazkiez osatuta dago.
Gorka Salmeron Burdinolako kideak eta argazkilariak egin du erakusketa honetarako aukeraketa. Multzo nagusia 2006. urtean egindako kopiak dira, eta 2021. urtean berreskuratutako materialarekin eta Agirre Montegiren ahaide batek 2023an utzi zituen zenbait irudirekin osatu du. Argazki gehienak ezagunak dira, baina badira batzuk orain arte erakutsi ez direnak.
Erakusketa azaroaren 22ra arte egongo da ikusgai. Inaugurazio ekitaldia egingo dute ostiral honetan, urriak 25, 19:00etan. Bertan, Salmeronekin batera, Burdinolako kide gehiago eta Agirre Montegiren ondorengo batzuk izango dira, Madrildik, Suitzatik eta Donostiatik iritsita. Gonbidatu horiei harrera egingo die Eric Galvez alkateak eta Miryam Galilea kultura zinegotziak.
Argazki bilduma osoa
Burdinola elkartearen bultzadarekin, Ignazio Agirre Montegi (1861-1942) argazkilariaren ondarea biltzen eta aztertzen ari da Salmeron. Duela urte batzuk hasi zen zeregin horrekin, eta jatorri legazpiarra zuen madrildar haren hainbat argazki berreskuratzea lortu du. Lehenik, Legazpiko plazan, gaurko posta bulegoa dagoen lekuan argazkilariak zuen etxean jaso zituzten batzuk. Legazpiar batek eman zituen beste batzuk geroago, eta azkenak, Agirre Montegiren ondorengoa den Julia Garcia Mora madrildarraren bidez eskuratu dituzte, iaz. Burdinolak bilduma handi bat osatzea lortu du horrela.
Handik eta hemendik bildutako argazki haietatik 99ren kopiak eginda ditu Salmeronek, eta ostiralean irekiko den erakusketan denak sartu nahi ditu. Gehienak aurrez erakutsiak dira, Legazpin egindako asko tartean, baina azken sortatik sei berri ere erantsi ditu, eta horiek berriak dira.
Legazpiko irudiez gain, Europan zehar eta Afrika iparraldean egindako argazkiak ere badaude jasota erakusketan, eta hortik dator Essaouiratik Rhineraino izenburua.
Bisita gidatua
Erakusketaren aurkezpenaren ondoren, bisita gidatua egingo dute. Salmeron bera argazkien alderdi teknikoa azaltzeaz arduratuko da, eta Burdinola elkartean kide duen Jose Luis Ugartek irudien alderdi etnografikoaren berri emango du.