Ataungo auzoetako krosa igandean jokatuko da
Hiru Auzoetako 43. Korrikaldia 11:00etan hasiko da. San Martinen abiatu eta bukatu, San Gregorio eta Aia auzoetara joan-etorria egingo dute, 17,3 kilometroko bidean.
Ataungo Hiru Auzoetako 43. Korrikaldia igande goizean jokatuko da, azken urteetan ohikoa izan den bezala Mantzaren omenez. Goierriko lasterketa beteranoena da, eta betiko ibilbidea eta luzera izango ditu: San Martin auzoan abiatu, San Gregorio eta Ergoena igaro, Aiara igo, han bira hartu, eta bide beretik San Martineraino itzuli. 11:00etan hasiko da proba, eta 17,3 kilometro ditu.
Lasterketa nagusikoak irten ondoren, haurren korrikalditxoa ere antolatuko dute, San Martingo kaleetan. Festa modura, lehia kutsutik aparte korrika egin ahalko dute umeek. Ataun Kirol Elkarteko atletismo sailak antolatu du, beste urtebetez.
Izena emateko aukera kirolprobak.com webgunean dago. Aurretik 15 euro kostatuko da, eta egunean bertan 10:00etatik aurrera, 20 euro.
Sariak eta opariak
Sailkapen nagusiko aurreneko hiruna gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dute saria, baita lehen beteranoek ere (emakumeak 40 urtetik gora, gizonak 45etik gora). Ataundarren artean, lehen herritarra eta lehen herritar beteranoa sarituko dituzte.
Sari gehiago badira. Ataungo jakiekin hornitutako saski bat zotz egingo dute partaide guztien artean. Beste hainbat produktu eta opari ere banatuko dituzte.
Horrez gain, Korrikaldiaren denbora-errekorra ontzen duenak 300 euroko gainsaria edukiko du. Gizonetan 54:10 minutu eta emakumeetan 1:04:52 dira indarrean dauden markak.
Herritarrentzat ohar batzuk zabaldu dituzte antolatzaileek eta udalak. Errepideko ohiko zirkulazioari dagokionez, bidearen alderdi bat itxita egongo da korrikalarientzat. Autorik ez hartzea eskertuko dute. Bestetik, Lurraldebusen udaletxe pareko autobus geralekua Aizkoate elkarte ondora aldatuko dute.