Begoña Atin gabiriarrak ekoitzitako 'M11: martxoko lau egun' dokumentalak Ondas sari bat jasoko du
2004ko martxoko Madrilgo atentatu yihadisten inguruko ikus-entzuneko ikerketa saritu diote New Media ekoiztetxeari. Azaroaren 14an jasoko dute saria, Bartzelonan.
Begoña Atin gabiriarrak ekoitzitako M11: Martxoko lau egun dokumentalak Ondas sari bat irabazi duela jakinarazi dute gaur. New Media ekoiztetxekoa da Atin, eta martxoaren 8an estreinatu zuten hiru ataleko lana Euskal Telebistaren Primeran plataforman. Atinek ETB1eko Biba zuek! programan zuzenean eman du, gaur arratsaldean, aitorpen horren balioaren berri –programaren ekoizlea ere bada–, beste Ondas bat jasoko duen Euskadi Irratiko Faktoria Magazineko Maider Segurola esatariarekin batera.“Izugarria da”, adierazi du Atinek. “Berria programa hau [Biba zuek] entseatzen ari ginen bitartean jaso dut, eta sorpresa handia izan da. Izugarrizko poza hartu dut. Ez genuen espero; zure txikitasun horretan, ez duzula horrelako sari potolo bat izango imajinatzen duzu, eta poza izugarria izan da, atzetik dauden jendearengatik eta lanarengatik”.
Gaiarengatik eta testuinguruagatik, “dokumental zailak” izan zirela aitortu du; “baina begira zer sari jaso dugun”, esan du Atinek, Xabier Sukiak eta Maddalen Artzallusek elkarrizketatuta. “Bultzada ematen dizu, egiten duzun lanaren aitortza oso polita delako. Eta bultzada handi bat da gure taldearentzat ere. Gu oso ekipo txikia gara, eta beti ari gara dokumentalak sortzen edo ideiak proposatzen. Azkenean, horrela hartu behar duzu, lan ona egin duzula, lantalde ona daukazula atzetik”.
Saria azaroaren 14an jasoko dute, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu antzokian. Ondas Sariak Prisa taldeak ematen ditu, Radio Barcelonaren eta SER irrati katearen bitartez. 1945ean sortuak dira.
Dokumentalak hiru atal dauzka. Lehena, “Historia aldatu zuten atentatuak” (1:03 ordu), bigarrena “Egia jakitea” (54 min), eta hirugarrena “Mundu-ordena berria” (44 min). New Media Euskadi ekoiztetxeak ekoitzia da, Nico Ortizek eta Maite Ibañezek zuzendua, Guillermo Estradaren gidoiarekin. Besteak beste, kazetarien, politikarien, epaileen, polizien eta biktimen testigantzak bildu zituzten, lau egun haien kontakizuna egiteko. PPko Jose Maria Aznarrek hiru egun geroago hauteskunde orokorrak eta gobernua galtzea eragin zuten gertaera haiek.
“Hiru gertakari txundigarritan zehar, telesaila [2004ko] martxoaren 11ko atentatuetatik Zapaterok hauteskundeak irabazi zituen arte igaro ziren lau egun bizietan murgiltzen da. Atentatuek eragindako samina eta ondoren ETAri hauteskunde helburuekin egotzi nahi izan zion manipulazio politikoa aztertuko ditu”, dio sinopsiak.