Lazkaoko udal zergak %2,6 igoko dira 2025ean
Zabor bilketaren tasa %10 haziko da etxebizitzentzat, eta %20 saltoki handientzat.
Lazkaoko Udalak jasotzen dituen udal zergak eta tasak oro har %2,6 haziko dira 2025. ekitaldirako. Lehengo ostegunean onartu zuen Udalbatzak gehiengoz datorren urterako ordenantza fiskala, EAJren aldeko 7 botoekin eta EH Bilduren aurkako 6ekin. Abuztura arteko KPIaren igoeraren erreferentzia erabili du udalak zerga araudia berritzeko portzentaia modura.
Igoera orokorretik bestela, zabor bilketaren tasa %10 garestituko da, zerbitzua osorik udalek finantzatzea eskatzen duen Europako araudiaren ondorioz. 400 metro baino handiagoak diren supermerkatuei %20 igoko zaie (lau hileroko 1.967 euro), eta laguntza nahiz gizarte zerbitzuetako egoitzek lau hilero 4.000 euroko tarifa izango dute. Egutegi fiskala ere aldatuko dute: zaborraren tasa urtean hiru zatitan pasatuko dute aurrerantzean kobrantza, orain arte bezala bitan beharrean.
Beste aldaketa bat uraren tasarena da. Nekazaritza-ustiategiei Enba elkarteak proposatutako igoera espezifikoa izango dute.
Kiroldegiko tarifetan, ikastaroak %2,6 garestituko dira, helduen igeriketa 65 eurotik 75era, eta egun bakarreko sarrerak %20 igoko dira. Hori horrela, Lazkaoko kiroldegiko abonamenduak oraindik inguruko herrietakoak baino %50 merkeagoak direla azaldu du udalak.
Beste zenbait tasa ere eguneratu egingo dira: hilerrikoa, Areriako mantentze-lanekin eta garbiketarekin loturikoak, kanpoko igerilekuko taberna-etxolako salmenta-prezioak (kiroldegiko zerbitzuaren esleipena duen enpresa berak emango du han ere zerbitzua, 2025ean), eta kultur ikastaroen arloan, tailaketa tailerraren (urteko 50 euro) eta robotika ikastaroaren (hileko 40 euro) tarifak.
Zergak eta tasak ordaintzeko, baliabide gutxien dituzten familientzat diru laguntzak mantenduko dituela aurreratu du udalak.
EH Bilduren aurkako argudioak
EH Bilduk, bere aldetik, aurka bozkatzeko argudioak bi arlotan zentratu ditu: alokairuan emandako etxebizitzen hobariak eta errekarguak; eta kiroldegiko tasak.
Alokairuko etxeen eskaintza falta iraultzeko eremu tentsionatu izendatzeko eskatu du berriz, martxoko bilkuran bezala. Etxebizitzaren egoerari buruzko azterketa egiteko udalaren proposamena ez dela gauzatu gogoratu du. “Orain, ordenantzetatik arazo honi aurre egiteko izan daitezkeen tresnak aztertzeko proposamena egin diogu EAJri, eta orduan jakin dugu martxoan iragarri zizkiguten azterketa eta hausnarketa hura ezerezean gelditu zirela. Gainera, iritzi pertsonalak trukatzeaz harago, ez dugu ikusi gaur egun indarrean dauden hobarien baliagarritasuna ebaluatzeko intentziorik, ez eta hauek konpentsatzeko mahai gainera ekarri genuen errekarguen aukera kontutan hartzeko inongo asmorik ere”, azaldu du EH Bilduk ohar batean.