‘Pumptrack’ zirkuitua eraikiko dute Lazkaoko Gurutze auzunean
Hirigoiengo eskola atzean, 5-6 dorreen etxartean jarriko dute. Udalak 60.000 euro erabiliko du egungo zirkuitua egokitzen. Zubizkitza berritzeko 3. fasea lizitaziora atera du.
Lazkaoko Gurutze auzoko etxarte batean pumptrack zirkuitua jartzeko egitasmoa garatuko du udalak. Irristaketan, skate oholarekin nahiz bizikletarekin ibiltzeko, ibilbide obalatu bat eraikiko dute. Hirigoiengo eskola txikiaren atzean, 5 eta 6 dorreen aurreko parkea egokituko du.
Prozedura deialdi publikoaren fasean dago. Lanek 59.997,81 euroko aurrekontua edukiko dute, eta enpresa eraikitzaileek urriaren 29ra arteko epea daukate eskaintzak aurkezteko.
Pumptrack ibilbidea gaur egun dagoen irristaketa-eraztunaren lekuan jarriko dute, etxarteko 906 metro koadroko eremu batean. Orain dauden zuhaitzak eta lorategi-gunea mantenduko dela iragarri du udalak. Hamar gune edo modulu eta bi peralte izango ditu. Oztopoak, bihurguneak eta badiak egongo dira barruan, eta bi metro zabaleko bidean ibili ahalko da. Ibilbidearen ertz batetik sartu eta irten ahalko da, zirkuituaren ikuspegi orokorra emango duen goratutako plataforma batetik.
Erabiltzaile guztientzat pentsatutako azpiegitura izango da, «garapen tekniko egoki ahalbidetuko duena». Aire librean kirola eta aisia uztartzeko helburuarekin heldu dio egitasmoari udalak.
Azken urteotan, Goierriko herri askotan jarri dituzte pumptrack guneak. Beasainen, Ordizian, Idiazabalen, Legorretan, Urretxun eta Legazpin, esate baterako, badaude halako zirkuituak.
Zubizkitza auzunea birrurbanizatzeko proiektuaren hirugarren zatia abian jarri du udalak, 1 eta 30 zenbakidun etxeen arteko 2.376 metro koadroko eremua berritzeko.
Lanen aurrekontua 298.923,89 euro gehi BEZa da. Lizitazio deialdira proposamenak aurkezteko epea gaur amaituko da. Esleitu ondoren, abenduan hasarazi nahi dute lanean, hiru hilabeteko epean bukatzeko.