Amaia Iturriotz eta Iñaki Apalategi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioan izan dira Irunen
Gipuzkoako Bertso Txapelketako final-laurdena jokatu da gaurkoan Irunen. Bertan parte hartu dute Amaia Iturriotz urretxuarrak eta Iñaki Apalategi beasaindarrak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa badoa aurrera eta gaurkoan azken aurreko final-laurdena jokatu da Irungo Ficoban. Bertan, Iñaki Apalategi Astigarraga beasaindarra eta Amaia Iturriotz Etxaniz urretxuarra izan dira. Aner Pertiz Manterola “Euzkitze”, Eneritz Artetxe Eizagirre, Eñaut Martikorena Lizaso eta Oihana Iguaran izan dituzte aurkari.
Iñaki Apalategi Astigarraga
Apalategik eta Iturriotzek hasierako agurraren ostean elkarrekin jardun dute 8ko handian, udal teknikari paperean jarrita. Ondoren, Artetxerekin aritu da 10eko txikian, hau irakasle duen 6 hilabeteko haurraren aitaren azalean. Jarraian, puntuari erantzunez lan mudua eta burokrazia izan ditu hizpide Apalategik. Saioak aurrera egin ahala Iguaran eta biak bikote paperean aritu dira bertsotan, 8ko txikian. Amaitzeko, ganbarakoan ondorengoa izan du gaia: Badakizu ez duzula ondo pasatuko, baina izena eman duzu.
Amaia Iturriotz Etxaniz
Iturriotzek, hasierako agurraren ondoren, aipatu bezala, Apalategirekin jardun du lehenengo. Jarraian, “Euzkitze”-rekin aritu da, 10eko txikian, honek erretiroa hartu behar duela eta bera dela haren erreleboa irudikatuz. Ondoren, puntuei erantzunez laguntasunaren gaia jorratu du Iturriotzek eta segidan, Martikorenarekin trenaren bagoi berdinean zihoazen bi pertsonaren azalean jarri dira, batak musika oso altu duela eta besteak hau ez duela gogoko izanik gaia. Amaitzeko, ganbarakoan ondo pasa behar ez duela jakinda ere izena eman duela izan du gaia kantuan aritzeko.
Sailkapena
Oihana Iguaran Barandiaran ———————- 517,5
Amaia Iturriotz Etxaniz —————————— 484,5
Eneritz Artetxe Eizagirre —————————- 476
Eñaut Martikorena Lizaso ————————– 468,5
Aner Peritz Manterola “Euzkitze” —————- 465,5
Iñaki Apalategi Astigarraga ————————- 446