Angel Vazquez eta Amaia Insausti azkarrenak Ataungo hiru auzoetako korrikaldian
Hiru auzoetako XLIII.Korrikaldia antolatu du gaurkorako Ataungo Kirol Elkarteak. Angel Vazquez eta Amaia Insausti izan dira aurtengo azkarrenak.
Goizeko 11:00etan giroa zen nagusi Ataungo San Martin auzoko plaza inguruan. Korrikalariak azken beroketak eginda, azken uneko urduritasunekin eta gozatzeko prest. Helmugara gerturatu dira guztiak eta hasiera eman diote XLIII. Ataungo hiru auzoetako “Mantzaren” omenezko korrikaldiari. 76 parte hartzaile izan dira, horietako ugari ataundarrak eta beste asko goierritarrak.
17,3km-ko erronka izan dute gaurkoan korrikalariek. San Martin auzoko plazako arkutik abiatu, San Gregorio eta Kaxeta pasata Aiara iritsi eta berriro San Gregoriotik bueltan San Martingo plazan helmugaratu dira.
Goizeko 12ak baino minutu gutxi lehenago izan da lasterketa burua helmugan. Aurtengoan Lazkaora joan da garaipena, Angel Vazquezekin. Bigarrena, berriz, Axier Artola amezketarra izan da eta hirugarren Xabier Sanchez idiazabaldarra. Emakumezkoetan, Amaia Insausti izan da azkarrena, honen jarraian iritsi da Bidaniako Eneritz Iraola eta hirugarren postuan, berriz, Elena Beristain zarauztarra.
Hiru auzoetako korrikaldia izanik, ezin zituzten herritarrak inolako oparirik gabe utzi eta hauentzat ere sariak izan dira. Lehenengoa Ekhi Aierbe izan da gizonezkoetan eta emakumezkoetan, berriz, Kaia Apalategi.
Haurrak ere korrikalari
Behin helduen irteera egin ondoren etxeko txikien txanda izan da korrikarako. Itxaron-denbora luze egin ohi da maiz, baina entretenimendu ederra izan dute, izan ere, haurren korrika festa egin dute helduak lasterketan ziren bitartean. Adinka banatu eta lasterketa bana egin dute adin tarte bakoitzekoek. Parte-hartzaile guztiek domina jaso dute amaieran