Ardiki egunean mondejua eta gazta nagusi
Ardiki egunean lepo bete da Zaldibia. Azokaz gain mondeju eta gazta lehiaketa izan dute. Mondejurik onenak Maider eta Marirenak izan dira eta gaztarik onenea, berriz, Inaxio Irastorzarena.
Ardiki eguna ospatu dute beste urte batez Zaldibian. Aurtengo berezitasuna, gazte talde batek antolatu duela egun hau izan da, aurrekoei erreleboa hartuz. Goizeko 10:30etan hasi dira herria girotzen Zaldibiako txistulari eta trikitilariak. Honekin batera, azoka ere izan dute goiz osoan zehar. Bertan, denetariko artisautza produktuak zein jakiak eskuratu ahal izan dituzte bertaratu direnek. Arropetatik hasi, dekorazioko tresnetara pasa eta jakietarainoko eskaintza zabala izan dute. Hala ere, jakietan nagusi mondejua eta gazta izan dira, ohi bezala.
29. Mondeju Lehiaketa eta 26. Aralarko Gazta Lehiaketa
Goizeko 11:30etan eman diote hasiera lehiaketari. Aurten ere zaldibiar ugarik hartu dute parte bertan eta goiza lapiko artean pasa ondoren eta epaileen lanak behin amaituta, sari banaketari ekin diote. Zaldibian badute ohitura berezi samar bat sari banaketak egiteko, izan ere, irabazleak bertso bitartez aipatzen dira. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso arduratu dira aurtengo irabazleak bertsoz kantatzera. Sari banaketaren ondoren ere bertsotan aritu dira plazako karpan. Lehiaketako aurtengo berezitasun handietako bat, aipatu dutez, <<epaileen erabakia hartzeko azkartasuna>> izan da. Horrez gain, sari banaketaren aurretik aurten izandako bisita berezi baten berri eman dute. 3 nepaldar izan dira aurtengo Ardiki egunean Zaldibian, hauek, mendian euskaldun ugarirekin ibiliak izan dira Nepalgo mendietan eta gaurkoan aitortza egin nahi izan diete hauei.
29.Mondeju Lehiaketa
-
- Maider eta Mari
- Mendizabaldarrak
- EAU
26.Aralarko Gazta Lehiaketa
-
- Inaxio Irastorza
- Joseba Intxausti
- Jon eta Martina
Jaiak ez du etenik
14:00etan bazkaria egin dute zaldibiarrek. Mondejua, ardiki gisatua, ardikia erreta piperrekin eta Aralarko gazta dituzte jateko. Arratsaldean, Niko eta Beñatekin erromeria izango dute eguna ondo amaitzeko.