«%100 nahi ditugu langileak euskaldun; datu demografikoek ez digute hori esaten»
Abuztuan kargua hartu zuenetik, euskalgintzako eragileekin bilerak egitea izan du helbururik behinena Aldasorok. Bai herri mugimenduen zidorretan, bai gainerako erakunde publikoen asmoetan ere, lankidetzarako «zorua» sendo sentitu du.
«Ilusio handiz hartutako ardura bat» da Aitor Aldasororentzat (Beasain, Gipuzkoa, 1967) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordetza. Abuztuan izendatu zuten kargurako, eta bilera ugari egin ditu ordutik, euskalgintzaren adar askotariko ordezkariekin. Pozik dago ikusten ari denarekin: «Tonu ona dago». Lortu nahi den «zer» horretan adostasuna badela uste du. «Nola» lor daitekeen: hor du duda handiagoa. Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuordea izan zen ekainera arte, Beasaingo alkatea 2015etik 2020ra, baina «abertzale» gisara, izan daitekeen ardura posturik esanguratsuenetarikoa iruditzen zaio hizkuntza politikekin lotutakoa. Euskal Herri osora begiratzeko era ematen duelako, besteak beste. «Nahiz eta gure gobernuak erkidegoari erantzuten dion, Nafarroako eta Iparraldeko lagunekin harreman instituzionala bada». Eta harreman horiek sendotzean jarria du erronketako bat. Martin Ugalde kultur parkera bildu da elkarrizketa egitera, Berria-ko erredakziora.
Aroa plana onetsi zuen urte hasieran Jaurlaritzak, datozen urteetan hizkuntza politikan segitzeko ildoekin. Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak, plana ontzeko prozesua hizpide, jatorri ezberdinetako kideen artean egon zen «lankidetzarako jarrera ezin hobea» nabarmendu zuen. Igarri duzu zuk ere?
Bai, eta nik uste dut, gainera, ezinbestekoa dela: denok gara beharrezko. Nik uste dut nahiko diagnosi partekatua daukagula, bai eragile politikook, bai euskalgintza instituzionalak eta bai euskalgintza sozialak, eta ez da gutxi.
Ezagutzaren unibertsalizazioa helburu du euskalgintzak. Lotuta dago doakotasunarekin, baina oraindik ez dago bidea guztiz zelaituta hor. A1 maila doan ikasteko bidea ireki du aurten Jaurlaritzak, 16-18 urte artekoek C1 doan egiteko ere bai. Zein da asmoa orain?
Urratsak egiten jarraitzea doakotasunean. Gertatzen dena da A1 ikasten ari den ikasle baten profilak ez duela zerikusirik C1 bat egiten ari denarekin, edo B2 egiten ari denarekin. B2 eta C1 dira egonkorrenak. A1ko ikasleen erdiak, berriz, galdu egiten ditugu gaur egun. Doakotasuna ulertu behar da, beraz, mailaz maila. Zeren eta konturatzen ari gara: zenbat eta eskaintza arinagoa izan, orduan eta harrera hobea dauka, baina helburua ezagutza da, eta ezagutza trinkotasunak ematen dizu, eta trinkotasuna aintzat hartzen duzun heinean, konturatzen hasten zara askotan dirua ez dela arazo. A1 mailan igual, bai; baina besteetan beste errealitate bat dago. Ez da berdina hastera doana eta hari egin diezaiokezun harrera, eta aurrera egin ahala zer ikasle mota aurkitzen dituzun, zein diren haien beharrak. Nola hori marrazten ikasi behar dugu.
Ikasleen soslaia aipatu duzu. Migratzaileak euskarara nola erakarri: plazara ateratzen ari da gaia. Hor berebiziko garrantzia du doakotasunak, ezta?
Bai, bai, eta, gainera, demostratu egin da hori horrela dela. Ikasle kopuru igoera nabarmena da A1ean. Orain gure erronka da, euskaltegion erronka da, horiek mantentzea. Esan dut: %45-%50 dira uzten dutenak. Arloan bada zer landua, eta zer ikasia ere bai lehen egin izan dugunetik. Eta gizarte aldakor honetan euskalgintza osoak jarri behar ditu pilak: prest egon behar dugu aldaketa horretarako, maila guztietan. Nik jaso dudana ona da. Euskalgintzan ikusi dut bakea, errespetua, norberaren aitortza egiten duena, eta azpimarran jarriko nuke hori: ez da zoru txarra aurrera egiteko.
Migratzaileei begirako hizkuntza harrera hizpide, hainbat foro ireki dira. Zein dira lezioak?
Nik uste dut tokian tokiko harrerak aztertu behar direla. Ez da berdina Gasteizen dagoen soslaia, Beasainen dagoena, edota Azpeitian dagoena. Eudelekin, udalekin, landu beharreko gai bat da. Nik uste dut hor sentsibilizazio lan izugarri bat dagoela, harrera egiten duten horiekin. Baditugu adibideak, Debagoienean-eta; errepika daitezkeen proiektuak badituzte. Badaukagu lana, baina lehen ere eginda gaude. Ez gara hutsetik abiatzen. Hori ere abantaila baten moduan ikusi behar dugu, eta euskalgintza bera beharbada ez da inoiz horrelako egoera batean egon. Kanpotik datorrenak, nik uste dut, orain dela 40-50 urte baino egoera askoz ere ordenatuagoa du: D eredu bat daukagu, antolatuagoak gaude datorren horri beste eskaintza bat emateko. Gero, nik uste dut emozio positiboekin lotu behar dugula, hori ere garrantzizkoa dela: kanpotik datorren batek ikustea gure hizkuntzan aukera bat herri bat ezagutzeko, bizitzeko modu bat ezagutzeko.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.