ERREPORTAJEA. Hedabideen unibertsoan, izar bat
GOIERRIKO HITZAk beste hainbat senide ditu inguruko eskualdeetan. Bertako Hedabideetan biltzen dira batzuk, eta euskarazko hedabide gehienak Hekimen sarean.
Goierriko Hedabideak taldearekin hainbat goierritarrek kolaboratzen dute. Bereziki, Goiberri aldizkarian hartzen du parte jendeak, horretarako aukera gehiago ematen dituen formatua delako. Egunkariaren kasuan ohikoagoa da kolaborazioak eskaintzea. Hala, GOIERRIKO HITZA marka indartzen da eta etxearen helburuak lortzeko urratsak ematen dira. Hau da, herritarrei euskaraz eta tokiko ikuspegiarekin informatuta emateko aukera berriak eta hobeak sortzen dira elkarlanari esker.
Kasu, hamabost egunetik behin Segura Irratiarekin kolaboratzen du GOIERRIKO HITZAk. Eskualdean gertatutakoari errepasoa egiten diote bi aldeek. Garai batean, egunero egiten zen, gainera. Goierri Irrati Telebistak ere parte hartzen du kolaborazio katean. Are, eskualdeko egunkariak eta telebistak ere kolaboratu izan dute elkarrekin 20 urteko ibilbidean.
Gipuzkoako Hitza-rekin ere kolaboratzen du GOIERRIKO HITZAk. Lurraldeko Hitza guztien artean eta Berria egunkariaren laguntzarekin, astekari formatuan kaleratzen da, ostiraletan. Edizio digitalean, berriz, aste osoan zehar dosifikatzen dira edukiak.
Gipuzkoan, egun, lau Hitza daude: Bidasokoa, Irutxulokoa eta Oarsoaldekoa, Goierrikoarekin batera. Lehendabizikoek, Hondarribiko eta Irungo berri ematen dute; Irutxulokoek, Donostiakoa eta Oarsoaldekoek, Errenteria-Oreretakoa, Lezokoa, Oiartzungoa eta Pasaiakoa. Halere, egunkari formatuari eusten dion bakarra da GOIERRIKO HITZA. Gainerakoak astekariak dira paperean eta edizio jarraia dute sarean.
Gipuzkoako mugan, Mutrikun, egon badago HITZA, baina Bizkaira begiratzen dute, Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitzaren barruan daudelako. Horiek badute papereko egunkaria, asteko lau egunetan.
Iraganean ere izan dira HITZA gehiago: Tolosaldean, gure eskualde mugakidean, kolaborazioetatik harago joan ziren Tolosaldeko Hitza, Galtzaundi aldizkaria eta Txolarre irratia, eta Ataria sortu zuten 2013. urtean. Urola Kostan ere antzeko zerbait egin zuten orain gutxi, eta eskualdeko hainbat herri aldizkari eta Urola Kostako Hitza Guka markaren azpian batu dira.
Hekimen eta Behategia
HITZAk Bertako Hedabideak sarean elkartzen dira. Are, euskarazko hedabideek Hekimen elkartean egiten dute topo. Hekimen herri ekimeneko euskarazko komunikabideen elkarlana bideratzeko sortu zen, euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko helburuz. Hekimenen parte izateko euskara hutsez jardutea eta herri ekimenekoak izan behar da.
Desafioak ez dira makalak. Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta komunikabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, bai eta euskarazko hedabide publikoetan ere, baina ahalegina ez da parekoa izan herri ekimeneko euskarazko komunikabideen kasuan. Azken urteotan baliabide gehiago bideratzen ari dira gure sektorera baina oraindik ere egiten duten ahalegina ez da nahikoa. Erronkak handiak dira eta baliabide garrantzitsuak behar dira komunikazioaren esparrua bizitzen ari den eraldaketa sakonari behar bezala erantzuteko.
GOIERRIKO HITZA Hekimenen parte denez, Euskal Hedabideen Behategiaren kide ere bada. Hekimenek eta Euskal Herriko lau unibertsitateak elkarlanean jarri dituen ikergunea da.