Landarlanek eta Aralar Bizirik-ek ere artzain baten autoaren aurkako sabotajea gaitzetsi dute
Gogoratu dute "beti defendatu" dutela elkarrizketa eta errespetuan oinarritutako eztabaida politikoa, eta abuztuan Aralarren zein orain Ordizian izan diren erasoen "ikerketa sakona" eskatu diote Ertzaintzari.
Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak ere gaitzetsi egin dute Aralarko artzain baten autoaren aurka egindako sabotajea: “Joan zen ostiralean Aralarko artzain baten autoari lau gurpilak zulatu zizkiotela jakin dugu eta idatzi honen bidez horrelako ekintzekiko erabateko gaitzespena eta gure elkartasun osoa adierazi nahi ditugu”, dio oharrak.
Abuztuan Errekabeltzen haien kide batek jasan zuen erasoaren ondotik Zaldibian egin zen elkarretaratzean irakurritako hitzak berreskuratu nahi izan dituzte, beste behin: “Edozein eratako erasoak erabat onartezinak dira. Ez du inporta zein den pertsona, ezta arrazoia ere. Horrelako jarrerek ezin dute lekurik izan gure jendartean. Horregatik, denok, erakundeetako ordezkari nahiz herritar xume, aho batez gaitzetsi behar ditugu horrelako jokabideak”.
Era berean, Enbak egiten dituen adierazpenen aurrean, gogoratu nahi dute Aralarko natura babestearen aldeko mugimenduak “beti defendatu” duela elkarrizketa eta errespetuan oinarritutako eztabaida kolektiboa. “Iruditzen zaigu hori dela elkarbizitza baketsua eta konponbideak lortzeko bidea eta horretan jarraituko dugu. Eta ezin amaitu Ertzaintzaren ikerketa sakona eskatu gabe, bai abuztuko zein oraingo erasoez”.