Olaran Talentu Faktoria proiektua aurkeztu du udalak
Profesional kualifikatuak erakartzeko eta mantentzeko helburua du Olaran proiektuak. Ondare industrialaren lekukotza eta herritarrentzat zerbitzuak ere izango dira. Herritarrei zuzendutako bi saio antolatu dituzte, informazioa jasotzeko eta ekarpenak egiteko.
Olaran Talentu Faktoria proiektuaren berri eman du Beasaingo Udalak. Etorkizunera begira profesional kualifikatuentzat egoitza izan eta tokiko zerbitzu publikoak hobetzeko helburua du proiektuak. Udalak nabarmendu duenez, «mugarri bat suposatzen du udal gobernuaren proiektu estrategikoen artean. Beasainen eta Goierriren garapen ekonomikoan zein beasaindarren ongizatean inpaktu positiboa edukitzea da helburua».
Manufacturas Olaran lantegia zegoen tokian kokatuko lukete. Beasaini eta inguruari zerbitzuak emateko edukiontzi izan daitekeen honek, 3.300 metro karratu ditu, eta lantegia eten zenetik, inongo erabilerarik ez du izan. Aurkeztu berri duten proiektu honekin, espazio hori biziberrituz, eskualdeko etorkizuneko beharrak asetu asmo ditu Udalak.
2021 urtetik
Olaran Talentu Faktoria proiektua azken urteetako lanaren emaitza da Udalaren esanetan. 2021ean, bertan garatu zitekeen proiektua zehazteko, hausnarketa abiatu zuten. Industriak izango dituen beharrak aztertzen eta aurreikusitako erronkei aurre egiteko lanketarekin hasi ziren orduan, Beasaingo, bailarako eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa, ikerketa zentro, lanbide eskola, unibertsitate eta erakunde publiko garrantzitsuenekin, baita herritarrekin.
Aukera desberdinak ikusi dizkiote espazio honi. Horietako bat talentu egoitza bat sortzearen aukera izan da, bertan profesionalak mantentzeko eta erakartzeko tresna bezala.
Hiru profil erakartzea aurreikusten dute proiektu honekin: atzerrian dagoen talentu goierritarra lehenetsiko litzateke, baita bertakoa mantentzea ere, eta hirugarren maila batean, talentu atzerritarra erakartzea egongo litzateke. Olaran Talentu Faktorian kokatuko litzatekeen egoitzari esker, pertsona hauek bertan bizitzeko espazio bat izango lukete. Bi hilabeteko egonaldiak izango lirateke gutxienez eta bi urtekoak gehienez.
Ekintzailetza
Bertako talentua sustatu asmo ere badute Olaran Faktoriarekin. Bide horretan, orduka alokatu ahalko diren espazioak eta ekintzailetza aholkularitza zerbitzuak kokatuko lirateke, bertako talentu berriari, start-up edo etorkizuneko enpresa berri txikiei bultzada bat emateko helburuarekin.
Bestelako zerbitzuak
Industriaren beharrei erantzuteaz gain, beste baliabide batzuk ere baditu proiketuak. Izan ere, herritarrentzako, bereziki Ezkiaga auzoko bizilagunei zuzendutako zerbitzuak eta espazio publiko osagarriak gehitzen ditu.
Batetik, tokiko ondare industrialaren lekukotasunarentzat espazioa izango da beheko solairua, herritar guztientzat irekia egongo dena.
Bestetik, eraikineko egoiliarrei ez ezik, herritar guztientzako irekia izango diren hainbat zerbitzu egongo dira: kafetegia, jatetxea, garbitegia, eta Ezkiaga auzoaren eta Oria ibaiaren ikuspegi zabalaz gozatzeko terraza publiko bat, besteak beste.
Sostengarria
Inguruko enpresa garrantzitsuenen babesa du proiektuak. CAF Ampo, Orkli, Voith, Lortek eta Goierri Eskolarekin babes ituna egitea lortu zuten.
Industria sektoreko inguruko enpresa garrantzitsuenen babesa jasotzeaz gain, udal gobernuarentzat «ezinbestekoa» da, eraikinaren jarduera «denboran » izatea. Hau da, «eraikinaren jarduera eta mantenuak izango duen gastu ekonomikoa Udalak bere gain hartu behar ez izatea». Hala, emakida bidezko kudeaketa publiko-pribatuaren bidez gauzatuko da.
Herritarrentzat saioak
Komunikabideen bidez informatzeaz gain, herritarrei zuzendutako bi saio antolatu ditu udalak, xehetasunak ezagutzera emateko, eta herritarrek proiektuari ekarpenak egiteko. Gaur izango da lehena, Murumendi Eskolako areto nagusian 18:00etan, eta bihar, asteartea, izango da bigarrena, udaletxeko batzar areto nagusian 18:00etan.