Biboteen hilabetea badator gizonezkoen osasunaren alde
Azaroa iristear da eta horrekin batera abiatuko da Movember kanpaina Goierrin. Rafa Gorrotxategik jarriko du gozo puntua eta buru osasunaz eta prostatako minbizia hizpide izango duten hitzaldiak ere izango dira, besteak beste.
Azaroa iristear da eta horrekin batera abiatuko da Movember kanpaina Goierrin ere, Goierri Moherri taldearen ekimenez. Hilabete osoan biboteak utziko dituzte hainbat eta hainbat herritarrek, gizonen osasunaren inguruan -eta zehazki prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan- kontzientzia sortzeko helburuarekin, biboteak kanpainaren ikur nagusi direlako. Ilezko bibotearen faltan, aurtengo berrikuntza Rafa Gorrotxategi gozogileak egindako txokolatezko biboteak daude aukeran, gainontzeko merchandising-arekin batera salduko dutena, ikerkuntzara bideratzeko diru bilketa egiteko. Gaur egin dute aurtengo kanpainaren aurkezpena Beasainen, buru osasunean fokua jarriz, Goierri behean antolatu dituzten ekintzak iragartzeko. Asteazkenean, berriz, Zumarragan, Goierri garaikoak aurkeztuko dituzte.
2003. urtean sortu zen ekimena, Australian. Bertako gizon bati prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta haren lagunek, elkartasuna adierazte aldera, biboteak utzi zituzten. Movember izena eman zioten ekimenari, ingelesezko november (azaroa) eta moustache (bibotea) hitz jokoa erabilita. Hurrengo urtean, 2004an, Movember Fundazioa eratu zen, diru-bilketak eta kontzientziazio kanpainak egiteko.
Pixkanaka herrialde ezberdinetara hedatu zen egitasmoa, eta 2008an Goierrira iritsi zen, Ordizia Rugby Elkartean jokatzen zuen Zeelanda Berriko Phil Huxford errugbilariaren bidez. Goierri Moherri taldea sortu zuten gero, eta harrezkero, ondo errotu da.
Ekintza desberdinak
Herritarrengana heldu asmoz, beste behin ere, ekintza bereziak antolatu dituzte. MoHerri taldeko kideek biboteak luzatzen uzteko deia egin dute, Movemberrek ikusgarritasuna izan dezan, azaroan zehar. Gainera, urteroko diru-bilketan parte hartzeko deia egin dute. Eltxetxuak ipiniko dituzte tabernetan, dendetan eta azokatan, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon. Horrez gain, denetariko produktuak izango dituzte salgai; Kapelak, kamisetak, poltsak, motxilak, txapak, poloak,… Rafa Gorrotxagi gozogileak prestatutako txokolatezko biboteak, bi eurotan egongo dira salgai eta hiru zapore desberdin daude aukeran.
Hitzaldiak ere izango dira Beasainen eta Ordizian, gizonezkoen osasunaren inguruan. Azaroaren 12an, buru osasunaren eta suizidioa izango ditu hizpide Jon Garcia Ormaza adituak. Beasaingo udaletxeko areto nagusian izango da hitzordua, 18:30ean hasita. Eta azaroaren 27an, prostatako minbiziaz arituko da Juan Carlos Garmendia urologo ordiziarra. Ordiziako D’Elikatuz zentroan izango da, 18:45ean.
Pintxo bibotea ere antolatu dute aurten, Bakuntzako kideen laguntzarekin, eta kirol elkarteek ere bat egingo dute kanpainarekin. Azaroan zehar, biboteak dotore-dotore ipini nahi dutenentzat, Irene, Alazne eta Manolo bizartegietan bibote mozteak egingo dituzte. Eta aurtengo kanpainari amaiera emateko, azaroaren 29an, bibote guztien argazkia aterako dute Ordizian, pintxo-bibotearen ondoren.
Ekintza desberdinak iragartzeko kartelak, Eukene Lekuona ordiziarrak egin ditu. Oso koloretsuak dira “aniztasuna irudikatzeko”.
Aurkezpenean adierazi duten moduan, “herritarren parte hartzea beharrezkoa da. 2003tik Movember Fundazioak 950 milioi euro bildu ditu eta 1.250 ikerketa programa baino gehiago finantzatu ditu mundu osoan zehar”.
Hiru ardatz
Movember-eko taldeek antolatutako jardueren atzean hiru lan arlo daude. Batetik, ikerketa onkologikoa sustatzea du helburu fundazioak, eta irtenbide berriak sortzeko eta prostatako eta barrabiletako minbiziari aurre egiten diotenen bizi-kalitatea hobetzeko inbertitzen du bildutako dirua. Bestetik, prebentzio mezua hedatu nahi dute, azterketa urologikoak egitera animatuta, auto-esplorazioak egiten ikas dezaten bultzatuta eta tabuak apurtuta osasun mental zein fisikoari buruz hitz egiterakoan. Azkenik, suizidioaren prebentzioa da fundazioaren hirugarren lan arloa. Emozioak modu naturalean kudeatzen sustatzea, elkarrizketak sortzea, beldurrei buruz hitz egitea eta gizonen zaurgarritasuna plazaratzea dute helburu.