Beldur jolasak, urteko gau ilunenean
Ohiturak berreskuratzeko ahaleginean, gero eta indar handiago hartzen ari den Gau Beltza ospatuko dute Goierriko herri askotan, bihar iluntzean.
Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea, baina beste asko galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Udazkenetik negurako gau gero eta luzeagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira mundu osoan, baita Euskal Herriaren ere. Hildakoak gogorarazi eta beldurrarekin jolasteko gaua izango da Santu Guztien bezperakoa.
Gau honi lotuta, azken urteetan gero eta nabarmenagoak diren eta atzerriko herrialdeetatik datozen ohituren oldarraldiaren aurrean, asko dira Goierrin bertako erritoei hautsa kendu eta ohiturak berreskuratzeari ekin diotenak Gau Beltza edo Arimen Gauaren ospakizunekin. Seguran, adibidez, iaz ekin zioten Zopa Beltzan Gaue antolatzeari. «Halloween festa hartzen ari den dimentsioa ikusirik, gurean ere garai batean egun hau ospatzen zela aldarrikatu nahi dugu eta gure erara ospatu daitekeela erakutsi», azaldu du Maitane Muñoa Zopa Beltzan Gaueko antolatzaileetako batek.
Kalabazak, beldurtzeko
Ospakizunari jarri dioten izena ere, ez da ausaz aukeratutakoa. Segurarrak zopajaleak izanik Zopa Beltzan Gaue izenarekin hasi ziren iaz elkartu eta antolatzen. Bertako errito eta kultura berreskuratzearekin batera, transmisioan eragitea ere badute helburu. «Garai bateko usadio eta ohitura zaharrak ondorengoei ezagutarazi eta interesa sortzea ere badira helburuak. Gure kulturaren transmisioan eragin nahi dugu modu erakargarri eta parte hartzaile batean», gehitu du.
Urteko egun seinalatu honen inguruan, garai batean Seguran zeuden ohituren inguruan galdegin zuten aurrena. «Ospatu baino gehiago, zerbait egiten zutela aipatu izan digute herritarrek. Adibidez, maduran zehar kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman eta barruan kandela bat jarrita, bide bazterretan jartzen zituztela bizilagunak izutzeko helburuarekin», kontatu du Muñoak. Iaz antolatu zuten lehenengoz Zopa Beltzan Gaue Seguran, «espektatiba handirik gabe», aitortu du. Baina, antolatzaileen harridurarako «erantzun ezin hobea» izan zuen herritarren partetik ekimenak. «Uste baino jende gehiago inguratu zen. Lan handia dago oraindik egiteko eta jende gutxi lanerako prest, baina pixkanaka ari gara saiatzen eta jarraituko dugu bide honetan lanean», ondorioztatu du.
Aurtengo ospakizuna iazkoaren ildo beretik joango da. Bihar arratsaldean haurrei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte: kalabazak hustea, marrazkiak egitea eta gauean erreko dituzten beldurrak zerrendatzea. Plazan mahaiak jarriko dituzte iluntzean, nahi duenak etxetik eramandakoarekin afaria egin dezan eta ondoren, Zopa Beltzaren ibilaldia egingo dute.
Plazan amaituko dute jaia, Euskal Herriko ohiturari jarraituz, gaztaina erreak janez. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete, eta etxeko kapela eta trapu zaharrekin jantzita agertu daitezela animatu.
Ikusi herriz herri antolatuta dauden egitarauak: