Enirio-Aralar Mankomunitatea zundaketen aurka
Abiadura Handiko Trenaren Iruñea-Altsasu eta Iruñea-Beasain trazatuari dagozkion Aralarko zundaketak eta bestelako azterlanak gelditzea eskatu dute. Zundaketak bertan behera gera daitezen eskatuz antolatzen diren mobilizazioekin bat egingo dute.
Enirio-Aralar Mankomunitateak mozioa onartu du Abiadura Handiko Trenaren Iruñea-Altsasu eta Iruñea-Beasain trazatuari dagozkion zundaketak eta bestelako azterlanak gelditzeko eskatuz, Amezketa, Arama, Ataun, Ikaztegieta, Legorreta eta Ordiziako aldeko botoekin. Lazkaok aurka bozkatu du eta Abaltzisketa, Altzaga eta Beasainek abstenitu egin dira.
Enirio-Aralar Mankomunitatearen esanetan, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA), Estudio informativo del proyecto de corredor ferroviario Cantábrico-Mediterráneo. Tramo Pamplona-Alsasua proiektuaren barnean, Nafarroako AHTa euskal Y-arekin lotzeko bi alternatiba ditu. “Lehena Iruñetik Gasteiza joango litzateke eta bigarrenak Iruñea eta Ezkioko geltokia lotuko lituzke Aralar zeharkatuz. Bigarren alternatiba honen azterketa teknikoarekin hasi ziren orain urte bete pasatxo baina Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoak ia udal guztiek baimenak ukatu ostean ezin izan dituzte zundaketak egin. Berriki garraio Ministerioak jakinarazi du Aralarko zenbait sail “okupatuko” dituela zundaketak egiteko. Aipaturiko proiektua guztiek ikusgai duzue Garraio Ministerioaren atarian”.
Enirio-Aralar Mankomunitateak argitu duenez, “Aralartik pasako zaigun ibilbidearen arabera”, trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lur azpian eta Ataun alderik alde zeharkatuko luke, hegoaldetik ipar-mendebalderarte. Altzania eta Atxurbiren azpitik pasako litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean irten eta Ezkio-Itsasora iristeko. “Gogoratu behar da, AHTa ez dagoela sarrera eta irteera bakarraz osatuta, tartean, mantenu, larrialdi eta bestelako zerbitzuetarako tunel berri batzuk ere eraikiko lirateke, baita eremu horietara iristeko errepide berriak eta obrako soberakinak pilatzeko eskonbrera erraldoiak ere”.
Bestalde, mozioak gaineratzen duenez, “berriki irakurri dugu Gasteizko alternatiba indarra hartzen ari dela Espainiako Gobernuaren barruan Euskal Y-a Iruñearekin lotzeko aukera nagusi gisa, Ezkio-Itsasoko konexioa alde batera utzita”. Hala ere, “berri berean irakurri dezakegunaren arabera, Eider Mendoza, Foru Diputatuak zera adierazi du, Gipuzkoako eta Euskadiko herritarrak urteak daramatzatela azpiegitura hau martxan jartzeko zain. Nafarroarekiko lotura gure lurraldetik urrundu daitekeela jakitea albiste oso txarra da”.
Era berean, “hori gutxi balitz, orain hilabete batzuk, kezka handiz irakurri genuen Europako Parlamentuak batzordean onartu zuela, EAJk proposatuta, abiadura handiko Nafarroako trenbide-korridoreak euskal Y-arekin duen lotura Ezkiotik egitea. Azken bi hilabeteetan gainera, EAJko Arabako eta Gipuzkoako ordezkariak alternatiba baten eta bestearen alde mintzatu dira prentsan. Kezka handia sortu digu, azterketa tekniko guztiak egiteke dauden honetan, interes ekonomikoa ingurumen kalteen gainetik jartzeak”.
Egoera horren aurrean, “zentzuz jokatzeko garaia” dela uste du mankomunitateak, “AHTa garatzeko itsukeria alboan utziz, egin nahi dituzten zundaketa hauekin batera. Ezin da euro bat gehiago inbertitu egunetik egunera zalantza gehiago eta gure eskualdeetan aurkako gero eta jarrera zabalagoa sortzen duen azpiegitura zentzugabe batean”, azpimarratu du. “Zundaketa hauek AHTaren garapenerako pauso bat diren heinean, gure udalerrien eta gure bizilagunen interesak babestea ezinbestekoa da, proiektu horrek Nafarroako zein Erkidegoko herritar guztientzat ekarriko lituzkeen ondorioak kezkagarriak izango direla kontuan izanik”.
Era berean, AHTaren “diru xahutze ikaragarri hori herritarren beharrak asetzeko bideratzea” garrantzitsua dela uste dute, “bereziki oinarrizko eta funtsezko zerbitzu publikoak finantzatzera”. Beraz, “azpiegitura erraldoi hauen aurrean, egungo trazadura hobetzean eta modernizatzean oinarritutako alternatibak serioski eta zentzuz lantzeko bideak landu” behar direla nabarmendu dute.
Testuinguru horretan, Enirio-aralarko Mankomunitateak honoko “eskaerak egin eta erabaki hauek” hartzen ditu:
1- Abiadura handiko linearen proiektua, bai eta Iruñea-Altsasu eta Iruñea-Beasain trazatuari dagozkion zundaketak eta bestelako azterlanak gelditzea.
2.- Tren sozial baten alde egin daitezkeen beste alternatibak azter daitezen eskatzea. Alternatiba horiek, betiere, trenbide-sarea modernizatzea, tren bidezko salgaien garraioa bultzatzea, gure herrietako eta eskualdeetako geltokiekiko konexioak eta maiztasunak hobetzea izan behar dute oinarri.
3- Hiritarrei informazioa bideratzea, eztabaida soziala bultzatzea eta haien iritzia jasotzea edozein tren proiektuaren obrekin hasi baino lehen.
4-Zundaketa hauek bertan behera gera daitezen eskatuz antolatzen diren mobilizazioekin bat egitea.
5- Akordio hau Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari jakinaraztea.
6- Akordio hau herritarrei eta hedabideei jakinaraztea.