Lazkaoko komertzioa ‘mapan’ birkokatzeko lanketa hasi dute
Merkataritzaren posizionamendua datutan definitu, eta dendariei aurkeztu diete. Egungo beharretara egokitu nahi dute herriko komertzioa, sei fasedun proiektuarekin.
Lazkaoko merkataritza sektorearen egungo posizionamendua hobetzeko eta etorkizuneko zutabeak finkatzeko, diagnosi eta ekintza lanketa bat hasi du Lazkaoko Udalak. Duela bi aste, merkatariei eta dendariei aurkeztu zien 3 Business Factory enpresa kontratatuak Lazkaoko merkataritza posizionamenduaren mapa analisia. «Udalak datozen hilabeteetan abian jarriko dituen neurri multzo baten parte da azterketa hori, Lazkao merkataritzarako eta erosketetarako helmuga erakargarriagoa izatea helburu duen proiektu integral baten barruan», azaldu du udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.
Ez herrian bertan bakarrik, inguruko herrien artean eta eskualdean zabaldu nahi dute Lazkao komertziorako eta erosketetarako leku izateko indarra. Merkatariek eta herritarrek ere parte hartuko duten partaidetza-prozesu baten bidez, Lazkaoko merkataritza zer norabidetan lerratu nahi den zehaztuko dute. Horrez gain, «herritarrek herriko establezimenduetatik jaso nahi dituzten zerbitzuak eta produktuak» identifikatuko dituzte.
Berritzeko prestatzen
Merkataritza indartzeko eta posizionamendu hobean kokatzeko, «gaur egungo gizartearen eskaera berrietara» egokitu beharra dagoela aurreratu du Ekonomia Sustapeneko udal arduradunak. Herriko saltokiek biziraun ahal izateko, berrikuntza teknologikoa, kudeaketa moduaren aldaketa eta analisia, eta eragileen arteko lankidetza «funtsezkoak» izango direla aurreratu du 3 Business Factory aholkularitza etxeak.
Zenbait ekimen abian jartzea hitzartu dute dagoeneko. Lazkaoko jarduera ekonomiko eta komertzialaren sustapena eta dinamizazioa proiektua garatuko dute, sei fasetan banatuta. Merkatariak eta herritarrak «aktiboki inplikatu» nahi dituzte horretan.
Proiektu horren lehen urratsa izan da, hain zuzen, dendariei aurkeztu zaien posizionamendu mapa, eta bertan eman zituzten azterketa geografikoaren eta sozioekonomikoaren datuak. Mapa horretatik abiatuko dira etorkizuneko kokapena definitzeko. Beste urrats bat herritarren iritziak, beharrak eta ohiturak jasotzeko inkesta egitea izango da.
«Parte-hartze prozesu honen azken helburua Lazkaoko merkataritza herritarren behar eta itxaropenekin batera garatzen dela ziurtatzea da, horrela etorkizunerako ingurune ekonomiko dinamikoa eta iraunkorra sustatzeko», azaldu du udalak. Aldi berean, herriko merkataritza «lehiakorragoa eta ahalik onena» izan dadin lortzeko, «tresnarik onenak» eskaintzeko konpromisoa berretsi du.