Beasaingo Olano harategiak irabazi du hamaikagarrenez, odolki lehiaketa
Hamaikagarren urtez jarraian jantzi du gaur, Joxe Manuel Olanok, Beasaingo odolki lehiaketako txapela. Odolkietan parekorik ez duela erakutsi du, beste behin.
Beasaingo Olano harategiak ez du parekorik odolkietan. Hala frogatuta geratu da gaur, Beasaingo 39. odolki txapelketan. Hamaikagarren urtez jarraian irabazi du lehiaketako Olanok, nahiz eta guztira, 18 diren irabazitako aldiak. Beasaingo Odolkiaren kofradiak antolatu du txapelketa aurten ere, udalaren laguntzarekin.
Gipuzkoa osoko bederatzi harategi aurkeztu dira, guztira, txapelketara. Horietatik hiru goierritarrak; bi Beasaingo —Olano eta Beasainmendiko Odolkiak— eta Zaldibiko Beko harategia. Epaimahai lau emakumek osatu dute aurten: Sandra Aparicio, Beasaingo Kaxolako ordezkaria; Ane Lore Lasa, Donostiako R jatetxeko sukaldaria; Ainhoa Olano, Donostiako Rekondo jatetxeko ordezkaria eta Ariane Vierbücher GOIERRIKO HITZAKO lankidea.
Epaimahaiak hala erabakita, 84 punturekin Olanorena izan da aurten ere odolkirik onena. Zaldibiako Beko harategikoak izan dira hurrenak, 77 punturekin; Orioko Kepa Loidi hirugarren, 61 punturekin; eta Aiako Txarri Txiki harategia laugarren, 59 punturekin.
Odolkiak baino gehiago
Eguraldi ona lagun, jende ugari batu zaio odolkiaren festari Beasainen. Odolki errazioak eta edatekoa eskuratzeko lerroak luzeak eta etengabeak izan dira eguerdi partean. Odolkiaz gain, azoka berezia ere izan da Gernika pasealekuan. Guztira, 35 bat saltoki jarri dituzte, tartean, hileko lehenengo larunbateko azoka bereziko ekoizleak; herriko bi harakin, Movember, artisautza postuak, ardi eta behi gazta, eztia, gozogintza, arrain kontserbak, apaingarriak, hestebeteak, taloak, kosmetika naturala, umeentzako jostailuak, ogia, kontserba begetalak, bitxiak, esnekiak, ahatekia, Bear pintura zaletuen koadroak eta euskal panpinen postuak.
Erraldoien hirugarren topaketa ere egin dute, Ekaitz konpartsak antolatuta. Beasaingo erraldoiekin batera, Portugaleteko, Tuterako eta Pasaiako erraldoien konpartsak izan dira. Doinuzar, Baztango eta Euskal giroa gaitero taldeek girotu dute goiza. Oraindik festa ez amaitu, Chef nature kale ikuskizuna izango da arratsaldean eta Matraka elektrotxarangaren erritmora amaituko dute eguna beasaindarrek.